Uterga eta Jabalera aurrez aurre izanen dira Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketaren finalean

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 19a, 14:00

Markagailua irauli behar izan zuen Utergak ortziralean Iruritan, Otanori tanto bakarragatik irabazi eta finalerako txartela lortzeko.

Asteburuan Iruritan jokatutako finalaurrekoetan nagusitu ondotik abenduaren 22an jokatuko dute finala Labriten

Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketa Martiko Sari Nagusiko finalaurrekoak jokatu dituzte asteburuan Iruritako Aranabian pilotalekuan. Ortziralean Xanti Uterga doneztebarrak 30-29 irabazi zion Otanori eta larunbatean Aimar Jabalera doneztebarrak 30-20 Ioni. Beraz, bi doneztebarrak aurrez aurre izanen dira abenduaren 22an, ortzegunean 18:30ean Iruñeko Labriten hasiko den jaialdian jokatuko den finalean.

Jabalerak irabazi egin zion larunbatean Ioni eta finalean Utergaren kontra ariko da.

Nafarroako afizionatu mailako txapelketa

Sari Nagusiko partiden aitzinetik, ¡Nafarroako afizionatu mailako erremonte txapelketako partidak ere jokatu dituzte Iruritan. Ortziralean, Iturregi eta Sagasetak 35-23 irabazi zieten Maylin II.a eta Leatxeri, eta larunbatean, Iturregi eta Sagasetak 35-27 irabazi zieten Pikabea eta Mitxeori.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun