Alboko esklerosi amiotrofikoaren alde Donezteben egin duten futbol txapelketak «erabateko arrakasta» izan du

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 7a, 16:00

AEA Alboko esklerosi amiotrofikoaren aldeko futbol torneoa eginen zuten atzo Doneztebeko futbol zelaian, eta antolaketan ibili den Juanjo Larunbek TTIPI-TTAPAri adierazi dionez, «erabateko arrakasta» izan zuen. «Hagitz kontent» gelditu dira erantzunarekin, eta eskerrak eman nahi izan dizkiete era batera edo bertzera lagundu duten guztiei.

Argazkiak: Doneztebe Futbol Taldea.

Doneztebe eta Baztango futbol taldeez gain, Realeko, Athleticeko, Osasunako eta Alaveseko jokalariek jokatu zuten futbol torneoa, denak infantil mailan. Eta guztien «kiroltasuna» aipatu du Larunbek: «Partida politak jokatu zituzten». Baina horren gainetik, bildutako jendetza nabarmendu du: «Espero baino jende gehiago hurbildu zen futbol zelaira, eta zenbait momentutan ostatu eremuan prestatua genuenak gainezka egin zuen, jende pilaketagatik».

Bildutako dirua ANELA Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Nafarroako Elkartearen alde izanen da, eta Larunbek argitu duenez, «oraindik ez ditugu kontuak egin eta ez dakigu zenbat diru bildu den». Baina hortik harago, «gaixotasunari ikusgarritasuna eman izana» txalotu du.

Aitortu duenez, hainbat futbol taldetako kideak eta gurasoak hurbildu zitzaizkien «antolakuntzagatik zorionak ematera eta eskertzera». Baina eurek ere eskerrak eman nahi izan dizkiete «babesa eman eta modu batera edo bertzera ekarpena egin duten guztiei. Malerreka aldean babes haundia hartu dugu eta hagitz kontent gaude».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun