Laugarrenez EAE Alboko esklerosi amiotrofikoaren aldeko futbol torneoa eginen dute eskualdean abenduaren 6an. Joan den urtean Elizondoko Giltxaurdin egin zen eta aurten Doneztebeko Iñaki Indart zelaian eginen duten torneo solidarioa izanen da, eta bildutako dirua ANELA Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Nafarroako Elkartearen alde izanen da. Torneoaren bidez, gainera, gaitzari ikusgarritasuna eman nahi diote.
Infantil mailako taldeak ariko dira jokoan torneoan, tartean baita Doneztebe eta Baztan futbol taldekoak ere. Horiekin batera Realeko, Athleticeko, Osasunako eta Alaveseko infantil taldeak ere ariko dira.
Asteartean 09:30ean hasi eta 12:00ak arte sailkapen faseko partidak jokatuko dituzte, 12:30ean finalerdiak eta 13:30ean finala. Ondotik, sari banaketa eginen dute eta hamaiketako izanen da parte hartzaileentzat.