Piz&LohiPest musika jaialdia izanen dute asteburuan Zubietan

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 30a, 08:00
Doneztebeko Kurkuma izanen da Piz&LohiPest festibalean parte hartuko duten taldeetako bat.

Piz&LohiPest musika jaialdia antolatu dute Zubietako gazteek asteburu honetarako. Beti bezala, eskualdeko musikari eta taldeei beraien lana plazaratzeko aukera emanen die jaialdiak. Denera, hamar bat talde eta DJ espero dituzte ostiralean eta larunbatean.

Abenduaren 2an, ostiralean 20:00 aldera hasiko da giroa berotzen, Berako Satelitik eta Baztango Madame Birrots taldeen musikarekin. 22:00etan, estalpean talo-jatea izanen dute afaltzeko eta gero, 23:00etan Harat taldearen kontzertua.

Halere egun handia abenduaren 3a izanen da, larunbata. Nafarroako zaindariaren eta euskararen eguna ez ezik, aurten eskualdeko eta inguruko musika taldeen lana ezagutzera emateko eta plazara ateratzeko eguna ere izanen da Zubietan. Eguerdi partean aperitiboa eta bermuteoa izanen da eta aldi berean, Espainiako Guadalajaratik etorritako DJ’S Zorromono izanen da musika jartzen. 14:00etan bazkaria izanen dute. Normalean antolatzaileak eta musikariak biltzen dira, baina nahi duen guztiarentzat irekia eta doan izanen da. 18:00etan berriz ere musika doinuak zabaltzen hasiko dira, Ajataka (batukada), Kurkuma. Goroldio, Ziek, Larba eta Aho Zakil Konekxion taldeekin. Besta akitzeko Djak izanen dira musika jartzen. Estalpean taberna ere antolatuko dute eta bakoitzak norbere edalontzia eramateko aholkua eman dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun