Argindarraren eta gasaren fakturei buruzko hitzaldi informatiboa emanen dute abenduaren 1ean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 29a, 15:00

Etxeetako argindarraren eta gasaren kontsumoari buruzko informazio hitzaldia emanen dute ortzegun arratsaldean Malerrekako Mankomunitatean.

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako Departamentuak abiarazitako zikloa da, eta Cederna Garalur eta Nafarroako Tokiko Ekintza Taldeek ari dira lankidetza

Nafarroako Gobernuak, Cederna Garalur eta Nafarroako beste Tokiko Ekintza Taldeekin lankidetzan, etxeetako argindar- eta gas-kontsumoari buruzko informazio-hitzaldi ziklo bat antolatu du, herritarrei eta enpresei bideratuta. Zehazki, Nafarroako Mendialdean sei saio programatu dira eta eskualdean, abenduaren 1ean, ortzegunean 17:00eran izanen da Donezteben, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean. Bezperan, azaroaren 30ean, asteazkenean 18:00etan emanen dute hitzaldia Lekunberriko udaletxeko pleno-aretoan.

Hitzaldietan, argindarraren eta gasaren fakturei eragiten dieten kostu nagusiak azalduko dituzte, baita aurrezpen energetiko eta ekonomikorako aukerak ere. Era berean, Garapen Ekonomikorako Departamentuak herritarrei energiaren inguruan arreta emateko abian paratu duen zerbitzuaren berria emanen du Nafarroako Gobernuak. Azkenik, Cederna Garalur Elkarteak herritarrei eta enpresei energiaren inguruan arreta emateko berriki abian paratu duen zerbitzua aurkeztuko du. Ekimen hori Nafarroako Gobernuak eta EBk 2014-2020 aldirako LGP Landa Garapenerako Programaren bidez finantzatutako “Landa Jasangarritasuna 2” lankidetza-proiektuaren barrenean dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun