Santamaria jatetxeko Joxe Apeztegiak Alimenta Saria irabazi du

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 24a, 20:00
Joxe Apeztegia sukaldaria eta Alex Beitia, Basque Cullinary Centerreko zuzendari akademikoa. Argazkia: Victor Ruiz / Navarra Capital

Nafarroako Produktuen Enbaxadore Emergenteen kategorian izan da saritua, botoen %43,2arekin

Navarra Capitalek eta NAGRIFOODek antolatua, VII. Nafarroako Alimenta Sarien banaketa izan zen astelehenean Tuteran. Nafarroako jatetxe eta enpresak saritu zituzten bertan, lau kategoriatan banatuak: Ibilbide Profesionala eta Garapen Pertsonala, Berrikuntza, Internalizazioa eta Jasangarritasuna.

Honez gain, bi sari gehiago banatu zituzten: Belaunaldien arteko Erreleboa Landan eta Nafarroako Produktuen Enbaxadore Emergentea. Azkeneko hauek online bozketen bidez erabaki ziren.

Joxe Apeztegia, Doneztebeko Santamaria jatetxeko sukaldaria, Nafarroako Produktuen Enbaxadore Emergenteen kategoriaren irabazlea izan zen. Botoen %43,2a lortu zuen 26 urteko sukaldari gazteak. Laugarren belaunaldia da Apeztegiarena Santamaria jatetxean, 1940ean ireki zena, eta saria biltzean bere birramatxik, amatxik eta amak egindako lana nabarmendu zuen. Apeztegia Basque Culinary Center gastronomia fakultatean trebatu zen lau urtez, eta hain zuzen ere, erakundeko zuzendari akademikoa den Alex Beitiak eman zion saria.

VII. Nafarroako Alimenta Sarietako irabazle guztiak ikusi nahi baidutuzu, egin klik hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun