Jabalera eta Uterga aurrez aurre izanen dira Azpeitiko erremonte txapelketako finalean

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 21a, 16:00
Jabalerak eta Ionek lehen faseko partida guztiak irabazi dituzte, baita ortziralean Matxin III.a eta Otanoren kontra jokatutakoa ere.

Azaroaren 25ean, ortziralean 22:00etan hasiko den jaialdiko partida nagusian ariko dira Ion eta Agirrezabalarekin bikote eginez

Ortziralean jokatu zen Azpeitiko erremonte txapelketako hirugarren eta azken jardunaldia eta honenbertzez, erabakia gelditu da azaroaren 25ean jokatuko den finaleko protagonistak: Aimar Jabalera eta Ion, Xanti Uterga doneztebarraren eta Agirrezabalaren kontra.

Ortziraleko lehen partidan, Jabalerak eta Ionek 35-23 irabazi zieten Matxin III.a eta Otanori. Honela, lehen faseko partida guztiak irabazi eta sailkatu dira finalerako. Bigarren partidan oraindik garaipen garbiagoa lortu zuten Xanti Utergak eta Agirrezabalak, 15 tantotan utzi baitzituzten Zeberio II.a eta Aimar Saldias oiztarra.

Agirrezabala, Uterga, Saldias eta Zeberio II.a ortziralean Azpeitian. Aurrelari doneztebarrak lehen partida jokatu du txapelketan (orain arte Otxandorena herritarra aritu da bere ordez) eta garaipen garbia lortu du.

 

Honela, azaroaren 25ean, ortziralean 22:00etan Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan hasiko den jaialdian, lehenik hirugarren posturako lehia jokatuko dute Matxin III.ak eta Otanok, Zeberio II.a eta Saldiasen kontra. Final nagusian, berriz, Jabalera eta Ion, Uterga eta Agirrezabalaren kontra ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun