Azpeitiko erremonte txapelketako bigarren jardunaldiak zenbait kontu argitu ditu. Hasteko, Aimar Jabalera doneztebarrak eta Ionek bigarren garaipena lortu dute eta hanka eta erdi daukate finalean. Bertzalde, Zeberio II.ak eta Aimar Saldias oiztarrak bigarren partida ere galdu egin dute eta finalerako ia aukerarik gabe gelditu dira.
Ortziraleko lehen partidan, Matxin III.ak eta Otanok 35-30 irabazi zieten Zeberio II.ari eta Saldiasi eta bigarrenean, Jabalerak eta Ionek 35-28 irabazi zieten Utergaren ordez ari den Eloi Otxandorena doneztebarrari eta Agirrezabalari.
Emaitza hauekin, ortzirale honetan, azaroak 18, jokatuko den hirugarren jardunaldian erabakiko da finaleko protagonista zein izanen diren. Zeberio II.a eta Saldias, Matxin III.a eta Otanoren kontra ariko dira. Bi bikoteek garaipen garbiak behar dituzte, aukeraren bat izateko. Bertze partidan, Uterga eta Agirrezabala, Jabalera eta Ionen kontra ariko dira. Azken hauek garaipena aski dute finalean izateko, baina galduta ere, izugarrizko tanto aldearengatik galtzen ez badute bederen, finalean izanen dira.
Azaroaren 25ean jokatuko dituzte finala eta hirugarren posturako lehia.