Bortz Kirol txapelketako lehen jardunaldiko azken partida jokatu dute igandean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 14a, 15:30

Ugalde sakean eta De Rueda errestoan, paleta partidan. Honetan doneztebarra nagusitu zen, baina markagailu orokorra oiartzuarraren aldekoa izan zen. Argazkia: Erreka KE

Orain arteko lehiarik estuenean, Andoni Ugalde oiartzuarra nagusitu zaio Imanol De Rueda doneztebarrari (81-74)

Erreka elkarteak antolatutako Bortz Kirol txapelketaren lehen jardunaldia itxi duen partida jokatu dute igandean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan Imanol de Rueda doneztebarrak eta Andoni Ugalde oiartzuarrak. Aitzinetik lehia berdindua espero zen, eta halaxe suertatu da.

Xarean Ugalde nagusitu da, ezkerrarekin pilota ongi eta azkar mugituz, eta bere aldeko 20-9ko emaitza lortuz. Segidan, joko garbian aritu dira eta lehia estuaren ondotik, De Ruedak 20-17 irabazi dio Ugaderi,

Eskularruarekin bi pilotari hauek jokatu duten partida izan da seguraski lehen jardunaldi honetako partidarik ederrena, De Rueda faborito bazen ere, Ugaldek gauzak uste baino zailago paratu dizkio eta partida arras gogor eta fisiko baten ondoren 20-16ko markagailua izan da Doneztebekoaren alde. Horrela lau tantoko abantaila alde zuen Ugaldek paletako partidarekin hasi direnean

Bertan, De Rueda fisikoki osoagoa zegoela ikusi da, eta arras partida sendoa jokatuz, 20-8 irabazi dio Ugalderi. Dena airean zegoen esku pilotako partidan, De Ruedak 12 tanto behar zituen jardunaldia irabazteko, baina faborito nagusia Ugalde zen, esku pilota bere jokamolde kuttuna izaki.

Eskuz, Ugalde saiatu da pilotari abiadura eman eta bere nagusitasuna erakusten. Partida bere aldera eroriko zela zirudien, baina arazo fisikoak izaten hasi da. Izan ere ordurako bi ordu baino gehiagoko lehia zeramaten ordurako. Dena den, azkenean Ugalde nagusitu da eskuz, De Rueda bortz tantoan utziz... Honela, orotara 81-74 ko markagailua izan da Ugalderen arte.

Zinez partida gogorra eskaini dute, eta azpimarragarria bi pilotari hauek hain denbora gutxian xaren eta joko garbian lortutako maila.

Datorren asteburuan bigarren jardunaldia ospatuko da, eta laister ordutegien berri emanen du Erreka elkarteak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun