Goizeko mendi ibilaldia eguraldi zoragarriarekin eta giro paregabean egin zuten. Bonozorrotzen paratua dagoen Errekaren buzoia bisitatu eta buelta polit bat eman zuten, Malerrekako parajetan barna. Bazkaria ere bikaina izan zen, aurten berriro ere Casino Elkartean bueltan, urte aunitz pasa eta gero.
30 Errekazalerentzat bazkari ederra egin eta “familian” goxo goxo egoteko aukera eman zuen Tomas Sanzek prestatutako bazkari eder honek. Erreka elkarteak eskerrak eman dizkie lagundu zuten guziei, «Juantxo, Jabiertxo, Legarra, Mari Jose, Pako, baita Buba ri patxaranagatik eta Mariri roskillengatik ere».
Akitzeko, pelikula ezin hobea ikusteko aukera izan zuten, Anwar (Argiz betea). Alex Txikonek bertze behin Doneztebeko zinea ederki bete zuen eta bertaratu zen jendeak gozatu zuen Nafarroan lehen aldiz eman duten pelikula handi honekin. Nuria Lopez de Guereñu, EKI Fundazioko zuzendariak ere fundazioren lanak eta balioak azaldu zituen. Hain zuzen, Afrikako hainbat herrialdetan instalazio fotoboltaikoak egiten ditu EKI Fundazioak. «Benetan sakona eta baloratzekoa egiten duzuen lan guztia, Zorionak!».