Lourdes Gastearena

«Desberdina da sektore publikoko eta pribatuko langileen poztasuna»

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 13a, 08:00
Ikasketak eta lana tarteko, Ezkurra eta Iruñea artean ibiltzen da Gastearena.

Lourdes GASTEARENA BALDA, Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktorea 

«Sektore publikoko eta pribatuko langileen poztasun maila desberdina» dela ondorioztatu du Lourdes Gastearena Baldak (Ezkurra) bere tesian egindako ikerketan. Eta alde hori lan baldintzekin lotu du. Ez da, ordea, eragina duen arrazoi bakarra bere hitzetan. Enpesatik kanpoko beste faktoreek duten eragina ere ikertu du, baita presentismoaren determinatzaileak. Presentismoa «gaixorik egonda lanera joatea» dela azaldu du. 

Sektore publikoko eta pribatuko langileen ongizatea ikertu duzu. Nolakoa izan da ikerketa? 

Sektore publikoko eta pribatuko langileen ongizatea eta hori azaltzen duten faktoreak izan ditut ikergai. Ongizateari dagokienez, tesian bi adierazle aztertu ditut, bata laneko satisfazioa, adierazle positiboa bera, eta bestalde, alderdi berritzaile bat, presentismoa. Literaturan arreta mugatua izan du eta ongizatearen adierazle negatibo bat da. Lan hau egiteko hiru ikerketa egin ditut. Lehenengoan jakin nahi nuen sektore publikoko langileek zergatik duten poztasun gehiago sektore pribatuko langileek baino. Bigarren ikerketan laneko poztasunean sakontzeko haratago joan nahi nuen herrialde bakoitzeko faktore instituzionalek langileen poztasunean zenbateraino eragiten duten jakiteko. Hirugarren ikerketan, laneko presentismoa aztertu nahi nuen, batez ere zein diren lanarekin lotutako determinatzaileak eta haien eragina ea ezberdina den sektore publikoan eta pribatuan. Hiru ikerketak inkestetan oinarritu nituen. 

«Desberdintasuna bi sektoreetako lan baldintzen ondorio da»

Sektore publikoko eta pribatuko langileen poztasun maila desberdina dela ondorioztatu duzu... 

Bai. Desberdintasun hori bi sektoreetako lan baldintzen ondorio da. Sektore publikoan lan eskaera txikiagoa da, lanordu gutxiago dituzte eta esfortzu gutxiago eskatzen duen sektorea da. Eta aldi berean, lanerako baliabide gehiago dituzte, hala nola, telelanerako aukerak, kontratu finkoak... Alde horien ondorioz, enplegatu publikoak sektore pribatukoak baino kontentuago daude beraien lanarekin. Hortaz, kudeatzaileek, ahal den neurrian, lanorduei edo errutinari dagokienez, laneko eskakizunak gutxitzen saiatu beharko lukete, eta horrekin batera, baliabideak gehitzen: telelanerako aukerak, kontratu finko gehiago....

Faktore instituzionalek ere laneko poztasun mailan eragiten dutela diozu. Azalduko zenuke? 

Langileen poztasunean eragiten duten faktoreak enpresa barrukoak, hau da, lan baldintzak, edo kanpokoak, faktore instituzionalak, izan daitezke. Faktore instituzionalen artean bi mota bereizten dira; alde batetik, faktore formalak eta horren adibide, laneko askatasuna, eta bestetik, informalak, hau da, herrialdeko kultura. Bi faktore horien eragina ikertu dut: alde batetik, laneko askatasunak langileen poztasunean duen eragin zuzena, eta bestetik, eragin hori nola aldatzen den herrialde bakoitzeko kulturaren arabera, hau da, nolakoa den haien arteko efektu interaktiboa.

«Laneko askatasunak langileen poztasuna areagotzen du»

Eta zer ondorioztatu duzu? 

Faktore instituzionalek laneko poztasun mailan eragina dute. Zehazki, laneko askatasunak langileen poztasuna areagotzen du. Hau da, lan baldintzak zenbat eta gutxiago arautuak izan, orduan eta askatasun gehiago akordioak lortzeko, eta horrek poz gehiago dakar. Bestalde, poztasun hori handiagoa da dimentsio kultural jakin batzuk nagusi diren herrialdeetan; adibidez, boterearekiko distantzia txikia den kulturetan, ziurgabetasunak ezinikusi txikia sortzen duen kulturetan eta indibidualismoa nagusi den herrialdeetan. Hau da, enpresatik kanpoko faktore horiek jendeak lan esperientzia bizitzeko duen moduan eragin dezakete, eta hori poztasun mailan nabaritzen da. Argi ikusi da lanean askatasuna izateak herrialde batzuetan besteetan baino ondorio hobeak dituela. Langileak beraien eginkizunetan eraginkorrak izateko, arduradunek arreta berezia jarri beharko lukete herrialde bakoitzeko kulturan, eta horren arabera, laneko askatasun maila egokitu.   

«Langileek presentismorako joera handiagoa izan dezakete lankideek ordezkatzeko zailtasunak dituzten enpresetan ari badira, edo lanaren ardura sentitzen badu»

Presentismoa ere aipatu duzu, zure hitzetan, «gaixorik egonda lan egitea» da. Kontatuko zeniguke? 

Langileek, gaixorik egon arren, batzuetan lanera joatea erabakitzen dute. Erabaki horren atzean arrazoi asko egon daitezke, konparazio batera, lan baldintzak. Langileek presentismorako joera handiagoa izan dezakete lankideek ordezkatzeko zailtasunak dituzten enpresetan ari badira, edo lanaren ardura sentitzen badute. Kasu horietan langileak beti lanera joateko prest egoten dira, nahiz eta ez ongi sentitu. Presentismoaren literaturak erakusten du presentismoak ondorio txarrak dituela bai enpresarengan, produktibitate gutxiago duelako, baita langilearengan ere, bere osasunak okerrera egin dezakeelako. Horregatik presentismo maila murriztea da enpresaburuen erronka nagusietako bat.  

Zenbaterainokoa da lan baldintzek presentismoan duten eragina? 

Lan kontratu finko batek ematen duen ziurtasunak sektore publikoan presentismoa murrizten du, baina sektore pribatuan ez. Gisa berean, etorkizunean lanean jarraitzeko pertzepzioak sektore pribatuan presentismoa murrizten du, baina sektore publikoan ez. Bestalde, telelanak bi sektoreetan areagotzen du presentismoa; nagusien eta langileen arteko konfiantzak bi sektoreetan murrizten du, eta enpresako prestakuntzak sektore pribatuan lan egiten dutenengan soilik areagotzen du presentismoa. Beraz, lan eremu osasungarriak eta estimulatzaileak sustatzeko, lan baldintzez gain, sektore bakoitzaren eragina ere kontuan hartu beharko litzateke. 

Zergatik aukeratu duzu gai hau? 

Langileen ongizateak erakarri ninduelako hasi nintzen, bereziki unibertsitateko eta bigarren hezkuntzako irakasleen ongizateak. Irakasleek, klaseak emateaz gain, beste zeregin asko dituztela eta zeregin horiek lan karga areagotzen dietela konturatu nintzen eta haien ongizatea nolakoa zen jakitea interesgarria iruditzen zitzaidan. Hortik abiatu nintzen, baina ez nekien oso ongi nola egin, eta azkenean, zuzendariarekin batera ibilbidea zehaztu, eta sektore publikoko eta pribatuko langileen ongizatean sakontzea erabaki genuen. 

«Tesia egitea ibilbide luzea izan da, baina pertsonalki oso esperientzia aberasgarria izan da»

Zer erakutsi dizu bide honek? 

Tesia egitea ibilbide luzea izan da, oso gogorra, ahalegin handia eskatzen duena, ordu asko lanean eta kanpotik ez da ikusten. Baina pertsonalki oso esperientzia aberasgarria eta gogobetegarria izan da; jende asko ezagutzeko aukera eman dit, ikertzen ikasi dut, beste hizkuntza batean lan egiteko aukera eman dit [ingelesez egin du tesia] baita bidaiatzeko aukera politak ere [bi egonaldi egin ditu Londresen]. Gisa berean, gaitasun intelektuala eta pentsamendu kritikoa garatzeko lagungarria da. Momentu hobeak eta okerragoak izan ditut, baina oro har, positiboa izan da. 

Ikerketara nahiko diru bideratzen dela uste duzu? 

Ez, ikerketarako dituzten dirulaguntzak gero eta murritzagoak dira, eta deialdiak gero eta konpetitiboak. Nire kasuan, tesia egiteko hiru aldiz eskatu behar izan nuen dirulaguntza, eta azkenean lortu nuen, baina ez zen erraza izan. Doktoretza aurreko kontratua edukitzea da nire ustez tesia egiteko eta gozatzeko modurik hoberena. 

 

Unibertsitatean ikerketan eta irakaskuntzan aritzea amets

Argazkia: NUP

Ezkurran sortua da Lourdes Gastearena, baina ikasketak eta lana tarteko, gaztetatik Iruñea eta Ezkurra artean eman du «bizi gehiena». «Alderdi praktikoak erakarrita» Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Gradua ikasi zuen: «modu batera edo bestera denak enpresarekin harremanetan gaude, laneko kontratu baten bidez, langile autonomo edo sindikatuko kide izanda... Harreman horiek arautzen dituen oinarrizko legedia ezagutzea interesgarria zela iruditzen zitzaidan eta gradu honek hori eskaintzen du».

Ikasketak bukatuta lanerako pausoa eman zuen. Aitortu duenez, «betitik administrazio publikoetan lan egiteko interesa izan dut, nahiz eta tarteka beste lan batzuetan aritu». Nafarroako Unibertsitate Publikoan hamaika urtez aritu zen lanean, «besteak beste, Psikologia eta Pedagogia Departamentuan, matrikulen atalean eta euskara zerbitzuan», eta beti «kudeaketa administratiboan». Irakasleekin ere «harreman haundia» izan duela dio. Lehenagotik, berriz, «Nafarroako Aurrezki Kutxan eta Baztango Udalean» aritu zen, «aldi baterako». 

Unibertsitateko kontratua bukatuta erabaki zuen Bigarren Hezkuntzako Masterra egitea, «bigarren hezkuntzako oposizioak prestatzeko asmoz». Baina «masterra egin eta gero, tesia egiteko aukera» sortu zitzaionean bide hori aukeratu zuen: «ez nuen inoiz pentsatu tesia egitea, baina erronka polita zela ikusi nuen. Gainera, gustuko duzun gai batean espezializatzeko bidea ematen dizu eta hori oso polita da».Gisa horretara erantzun zion «betitik» izan duen «ikasteko jakin-minari eta kuriositateari». 

Doktorea da gaur egun, eta ANECA Espainiako Kalitate eta Akreditazio Ebaluaziorako Agentziaren akreditazioa lortzea du begiz joa; «horrek unibertsitateko ikerkuntzan eta irakaskuntzan modu egonkorrean jarraitzera bideratzen zaituelako. Bitartean, beste ikerketa proiektu batzuk prestatzen ariko naiz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun