Ibai Marizkurrena: «Orain arte egindako lana mantentzea da erronka»

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 10a, 18:00

Ibai Marizkurrena Mendaurreko tontorrean.

25 urtez Errekako mendiko arduradun izan ondotik irailean utzi zuen ardura hori Sanba San Miguelek. Ibai Marizkurrena da orain arduradun berria, eta «gogotsu» hartu du erronka.

Irailetik ardura berria du Ibai Marizkurrenak: Erreka Elkarteko mendi sailarena. Tttikitatik izan da Errekako parte, baita zuzendaritzako kidea ere. Erreka «familia haundi bat» dela dio eta bere ardura «ahalik eta hobekien» betetzen saiatuko dela. Larunbatean, hilaren 12an ospatuko dute Mendiaren Eguna. 

Errekako mendi alorreko ardura hartu duzu berriki. Nola ailegatu zaizu proposamena? 

Gazte-gaztetatik egon naiz Errekari lotuta, 18 urterekin sartu nintzen lehenbizikoz Errekako zuzendaritza batzordean 2005etik 2013ra. Gero Alemaniara joan nintzen, eta 2018an itzultzean eta mendia gustuko nuenez, beti saiatu izan naiz Sanba laguntzen. Azken bi urteetan Sanbak errana zidan, jada urte aunitz zirela eta iradoki zidan pixka bat nekatua zegoela ardura urtero mantentzeaz. Lehengo urteko neguaren ondotik adostu genuen aldaketa.

Zein izanen dira zure egitekoak? 

Sanbak egiten zuen moduan, urteroko mendi irteerak ahalik eta hobekien antolatu eta zuzendaritza batzordearekin batera Mendiaren Eguna antolatzea. Azken bi urteetan, pandemia dela eta, ez dugu egin, baina gustatuko litzaidake udako mendi irteera berreskuratzea. Azken urteetan Pirinioetan barna izaten zen ateraldi bat, eta  Euskal Herriko mendietara irteerak ere antolatu nahiko nituzke. 

«Duguna baloratu eta bai edo bai mantendu behar dugu»

Eta zure erronkak? 

Sanbak egiten zuen lan txukuna mantentzea batik bat. Nik uste duguna baloratu eta bai edo bai mantendu behar dela. Hasierako erronka Mendiaren Egunean jende gehiago biltzen saiatzea da, batik bat goizeko mendiko bueltan. Azken urtetan betikoak joan gara eta gustatuko litzaidake jende berri eta gazte gehiagok parte hartzea. Beraz, aprobetxatu nahi dut hemendik jendea animatzeko aurtengo Mendiaren Eguneko mendi bueltara, bazkarira eta proiekziora.

Mendiaren Egunaz gain, zer bertze ekintza antolatzen dituzue urtean zehar? 

Urteroko irteerak daude: Mendiaren Egunean Bonozorrotzera,  abenduaren 24an Saioara eta abenduaren 31n Mendaurrera izaten dira. Urte aunitzez  udan irteera bat Pirinioetara egin izan da. Horrez gain Sanbak urte batzuez Malerrekako itzulia antolatzen zuen, eta neguan ere bertze irteera bat egiten zen. Errekak orain dela 25 urte baino gehiago bi astetik behin irteera antolatuak egiten zituen autobus bat eta batzuetan bi ere betez. Bertze garai batzuk ziren, gaur egun ezinezkoa da horrelako zerbait egitea nik uste bakoitza norbere kasa ibiltzen baita. Baina, garai horietan sortu zen lehenbizikoz afizioa jende aunitzen artean, Donezteben eta inguruko herrietan eta hori Txomin, Oscar, Peioko, Manolo, Joxerra, Sanba, Xanti, Zarbo eta Utergak antolatutako irteerei esker izan zen. Jende aunitz joan zen lehenbizikoz mendira beraiei esker eta txalotzekoa eta meritu haundikoa da urte horietan egin zuten lana.  

 

Ibai Marizkurrena, erdian, mendian.

90 lagun baino gehiago daude egun mendian federatuak Errekaren bitartez. Mendirako afizio haundia dagoela uste duzu? 

Bai, 96 zehazki, Malerrekako jendea batik bat. Afizioa azken urte hauetan aunitz igo da, eta batez ere, pandemia eta gero. Hala ere, gaur egun bakoitza norbere kasa ibiltzeko ohitura gehiago duela erranen nuke, afizio gehiago bai, baina bakoitza bere taldetan. Ez diot txarra denik, ni neu gehienetan jende berarekin joaten bainaiz, baina nik uste lehen izaten zen talde haundien elkartasun hori orain zaila dela mantentzea. 

Eta zuri nondik heldu zaizu afizioa? 

Hasteko gurasoengandik, ttiki-ttikitatik ibili naiz mendian, lehenik attaren sorbaldan kilometro eta ordu aunitz eta, gero beraiekin bai gure eskualdeko mendi aunitzetan eta Pirinioetan. Aunitz eskertzen diet orain horrela disfrutatzen dudan afizio bat ttiki-ttikitatik sartzeagatik. Neguko kranpoien afizioa, berriz, batez ere Txominekin egin nituen irteerengatik etorri zitzaidan, eta bai udan eta bai neguan eskalatzeko afizioa Igor Agestaren bidez. 

Errekako sare sozialetan ageri da udan batean eta bertzean ibili zarela mendian. Zein erronka duzu orain esku artean? 

Azken bizpahiru urte hauetan aunitz gozatzen ari naiz mendian eta udan Pirinioetan zeharkaldi polit batzuk egin ditut Aitor Vertizekin batera, baita eskalatzeko bide eder batzuk Igor Agestari esker! Erronka bat bezala ez dut hartzen, baina ikusirik ia ehun hiru milako guttienez behin bederen igo ditudala, agian Pirinioetako 3.000koak akitzen saiatzea izaten ahal da dudan burutapenetako bat, Alpeak bisitatzea ere bai… Ikusi beharko dut, mila ideia ditut burutan, baina, denbora falta. Benetako erronka, Oteitzoianan, Mendaurren, Pirinioetan edo edozein menditan orain arte bezala disfrutatzen segitzea izanen da. 

Zerbait gehitu nahi duzu?

Eskerrak eman Sanbari hainbertze urtez Errekako mendi sekzioa hain ongi eramateagatik, baita Errekan lanean dabilen jende guziari ere, Malerreka guziari aukera ematen diotelako gauza diferente aunitz egiteko. Ikaragarria da jendeak egiten duen esfortzua ekintza horiek guztiak aitzinera ateratzeko. Gora Erreka!. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun