1969an sorginen gaiarekin lehen aldiz topo egin ondotik sekulako bide bibliografikoak jorratzeari lotu zen Juainas Paul –hainbat artxibo, liburutegi, liburu, agiri…–, adituak elkarrizketatuz eta halako ikerketak eginez. Izan ere, horren denaren azalpena eta azterketa da edukia: sorginkeriari buruzko saiakera mamitsua.
Euskal Herrian gertatutakoak ikertzen dira, atzendu gabe zabalagoa zen testuingurua. Hondarrean, sorginkeriari dagokion irakurketa berri bat eskaintzera ailegatu dela esan daiteke. Abiapuntuan, balizko susmoa: sorginkeria eta akelarrea egiazko kontuak zirela; akelarreetan droga bat erabiltzen zutela, serotonina, apoek azaletik isurtzen duten substantzia bat…
Hortik aurrera ez ohiko irakurketa, hipotesi moduan emana. Oinarri bibliografiko oparoan oinarritua eta hizkuntza jasoan, baina ulerterrazean adierazia.