Errekaren Mendiaren Eguna ospatuko dute larunbatean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 8a, 08:00
Errekako mendizaleak iazko Mendiaren Egunean Bonozorrotzen

Bi urtez modu xumeagoan antolatu ondotik, berriz ere egun osoko egitarauarekin antolatu dute aurten Errekaren Mendiaren Eguna azaroaren 12an, larunbatean, Donezteben.

07:30ean hasiko dute eguna Bonozorrotzera eginen duten mendi irteerarekin. Autobus geltokian paratu dute hitzordua. Handik bueltan, 12:30ean poteoa eginen duten, eta ondotik 14:30ean bazkaria Casino Elkartean. 

Alex Txikonen bisita eta proiekzioa

Arratsaldean izanen du jarraipena egitarauak  Alex Txikonen Anwar filmaren proiekzioarekin. Doneztebeko zinema aretoan izanen da emanaldia, 17:30ean, eta sarrerak aitzinetik salgai daude Titi ostatuan eta Ostizen bortz euroren truke. 

Apirilean Bilbon aurkeztu eta Europako hainbat hiritan proiektatu ondotik, Nafarroan lehenengoz Donezteben estreinatuko du Txikonek pelikula. Nepalen, Sierra Leonan eta Pakistanen filmatutako pelikula honek, Alexen neguko Manaslu 2021 (Nepal) espedizioan murgiltzen du ikuslea. Kutsatu gabeko lehenengo espedizioa izan zen hura, eguzki panelekin bultzatua. Igoera horren ondotik, lan solidario bat hasi zuen alpinistak EKi fundazioaren laguntzarekin. Fundazioak Sierra Leonako hainbat eskola eta ospitaletan energia-autonomia ahalbidetzen duen eguzki-energia sistema eskaintzen du eta hura ezagutu du pelikulan protagonistak. 

Txikonen proposamena, Diamerren (Pakistan), beretzat oso berezia den Günter Messner Mountain eskolan berdina egitea da. Horrela, bi kultura desberdin elkartuko ditu. Pandemia garaian zailtasun askorekin filmatutako proiektua da eta Txikonen hitzetan «balio humanitarioak azpimarratu nahi dituen proiektua da, ikusleek hausnartzera eta enpatizatzera bultzatzen dituena bi herrialde horietako haurren aukera faltari buruz». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun