Bortz Kirol pilota txapelketa abiatu da Donezteben

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 7a, 12:00

David Albiasu eta Peio Etxeleku, larunbatean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Donibane Lohizunekoak min hartu eta esku pilota partida jokatzerik ez zuen izan.

Lehen jardunaldiko lau partidetatik hiru jokatu dituzte eta Donibane Lohizuneko Jerome Karrikaburu, Narbarteko David Albiasu eta Doneztebeko Eloy Garcia izan dira lehen irabazleak

Doneztebeko Erreka elkarteak antolatutako Bortz kirol pilota txapelketa abiatu da larunbat honetan. Lehen jardunaldiko lehen norgehiagoka Donibane Garaziko Jerome Karrikaburu eta Narbarteko Julen Iriarteren artean jokatu zuten.

Lehen bi jokamoldeetan (xarea eta joko garbia) Karrikaburuk bere maisutasuna erakutsi zuen eta 20-3 eta 20-5 gailendu zitzaion Iriarteri. Azpimarratzekoa, hala ere, bi hilabete eskasetan Narbartekoak bi tresna hauekin lortutako maila. Hirugarren partidan ere (eskularruaz) Karrikaburu nagusitu zen, baina 20-4 ko emaitzak dioena baina partida orekatuagoa joan zen, tanto gogor eta pilotatuekin, nahiz eta gehienak azkenean Karrikabururen alde erori. Paletan, aldiz, Iriarte nagusitu zen (20-7). Eskuz jokatutako azken partida, berriz, Karrikaburu irabazi zuen, lehia arras gogor eta borrokatu batean, 20-12. Orotara, 87-44ko emaitza Donibane Garaziarraren alde, bi orduko lehia gogorra eta gero.

Iriarte eta Karrikabururen arteko lehiarekin abiatu da Bortz Kirol txapelketa.

Bigarren partidan, Donibane Lohizuneko Peio Etxeleku, Narbarteko David Albiasuren kontra aritu zen. Hemen ere lehen bi jokamoldeetan Iparraldekoaren trebetasuna nagusitu zen, sarez 20-3 eta joko garbian 20-6ko emaitzarekin. Eskularruan berriz, Albiasuren golpea nagusitu zen (20-10). Paletaz ere Albiasu indartsu dagoela erakutsi eta tanto bakarrean utzi zuen Etxeleku. Donibane Lohizunekoa belaunean mina sumatzen hasia zen eta azken partidaren faltan erretiratzea erabaki zuen. Orotara, emaitza 69-51koa izan zen Albiasuren alde eta hurrengo jardunaldirako Etxeleku osatzea espero dute antolatzaileek.

Azken partida izan zen hiruretan orekatu eta borrokatuena, Oroz Beteluko Iñaki Arzelus eta Doneztebeko Eloy Garcia artu ziren. Lehen partidan, Arzelusek sekulako abiadura sartuta 7 tantoan utzi zuen itxura ona eman zeun doneztebarra. Joko garbian ere Arzelus nagusitu zen, baina doneztebarrak 18 tanto egitea erdietsi zuen, partida erabat irekita utziz. Eskularruarekin Garcia zen faboritoa eta 10 tantoan utzi zuen Arzelus. Azken bi partidetan, beraz, erabakiko zen irabazlea, eta bi pilotariek horren jakitun izanik, sekulako borroka izan zuten. Bi partidak doneztebarraren alde alde erori ziren, 20-9 paletan eta 20-6 eskuz. Honela, orotara, 75-65eko emaitza izan da Eloy Garciaren alde.

Jardunaldia bukatzeko De Rueda doneztebarraren eta Ugalde oiartzuarraren artekoa falta da. Data adostea falta da.

Hurrengo jardunaldia azaroaren 19an jokatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun