Itxaso Mindegia Mitxelena

«Aurtizko bestek xarma berezia dute guretako»

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 6a, 08:00

Aurtizko San Martin bestak ospatuko dituzte azaroaren 10etik 13ra, eta herriko bertze gazteekin batera, antolakuntza lanetan buru-belarri ari da Itxaso Mindegia.

Nola definituko zenuke zeure burua?

Neska alaia eta arrunta naiz, eguneroko gauzekin disfrutatzen dut.

Zein dira zure zaletasunak?

Konpainia ona izanez gero, edozein plan da ona! Eguraldi onarekin, nire zaletasun handiena mendira joatea da.

Aurtizko bestak prestatzen ari zarete. Zenbat zarete antolakuntza taldean?

Bestak hurbiltzen ari direnean bileretan parte hartzeko aukera herritar guztiei ematen zaie, baina antolakuntzan zortzi-hamar gazte egonen gara gutti goiti-beheiti.

Lan handia da?

Gustura egiten dugunez ez zaigu lan gogorra iruditzen. Bileretan erabakitzen dugu nor arduratuko den ekitaldi bakoitza prestatzeaz eta bakoitzak bere lana betez gero errazagoa da dena ongi lotzea.

Zer hartzen duzue kontuan egitaraua prestatzerakoan?

Herritar eta bisitari guztiendako ekitaldiak antolatzen saiatzen gara, adin guztietako jendea animatu nahi izaten baitugu bestetan parte hartzera.

Bi urteren ondotik bestak normaltasunez ospatuko dituzue. Gogotsu?

Bai, zeinen ongi! Aurtengoak bereziak izanen dira, beldurrik gabe eta lasaitasunez egiten ahalko dugu besta.

Aurtiztarrak ere gogotsu egonen dira, ez?

Bai, pentsatzen dut aurten denok aspaldiko partez bestak behar den bezala ospatzeko gogoz gaudela eta ilusioa nabaritzen da. Zenbat eta jende gehiago animatu, hobe!

Zer da gehien gustatzen zaizuna sanmartinetatik?

Dudarik gabe, ortziralean egiten dugu herri bazkaria da gehien gustatzen zaidana. Mahai inguruan kantuan eta dantzan sortzen den giroa hagitz polita izaten da eta ordu ttikiak arte luzatzen dugu.

Zerk bereizten ditu Aurtizko bestak?

Urteko azkeneko bestak izanik, guretako xarma berezia dute. Herritarrak elkartzeko aitzakia polita da eta azaroan batzuetan eguraldi txarra egin arren, beti ematen diogu buelta!

Zure asmoak epe motzera?

Oposizioetan irakasle plaza finkoa lortzea da nire nahia eta asmoa.

Eta epe luzera?

Ez dut aunitzik eskatzen; nire familia eta ingurukoekin zoriontsu izaten segitzearekin nahikoa dut!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun