Euskara indartzeko dinamika Doneztebeko Osasun Etxean

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 4a, 15:00

Mintzasarea dinamikan parte hartu duten kide batzuk. Irudia: Elhuyar Fundazioa

Euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko hainbat hizkuntza plan ditu martxan Nafarroako Administrazioak, eta horietako bat da Osasun Departamentuarena, euskara normalizatzeko aurrerapausoak emateko asmoz sortua. Hain zuzen, oinarri horretatik abiatuta, 2018an eremu euskalduneko osasun etxeetako hizkuntza egoera biltzeko diagnostikoak egin zituen Elhuyar Fundazioak, eta geroztik hainbat lanketa ere egin dituzte. Orain, berriz, «jauzi kualitatibo bat eman nahirik», proba pilotu bat paratu dute martxan Doneztebeko Osasun Etxean.

Donezteben zer?

Doneztebeko Osasun Etxeko zuzendaritzaren babesarekin, proba pilotua diseinatzeko eta garatzeko lantaldea osatu dute bertako administrari, erizain eta mediku banarekin. «Ahozko harremanetan eragitea eta idatzizko dokumentazioaren lanketa egitea» dituzte helburu, eta orain arte, euskararen barne erabileran eragiteko pausoak eman dituzte bi formakuntza saio eginez eta Mintzasarea ariketa martxan paratuz.

Bi formakuntza saio eta Mintzasarea dinamika

Alde batetik, 2021eko azaroan euskaraz ulertzen ez duten osasun etxeko langileekin sentsibilizazio saioa egin zuten, «hizkuntzek osasun zerbitzuaren kalitatean duten eraginaz ohartarazteko». Eta bertzetik, osasun etxeko zuzendaritzarekin eta langileekin hizkuntzen kudeaketa eta jarraipenari buruzko saioa egin zuten, «pazienteen hizkuntzak kudeatzeak duen garrantziaz jabetzeko eta zer eta nola egin daitekeen azaltzeko».

Irailaren 27an akitu zuten Mintzasarea egitasmoa, euskaraz ulertzen duten osasun etxeko langileekin egindako dinamika. Elhuyarren arabera, «20 bat profesionalekin taldetxoa sortu eta euren arteko harremanetan euskara zenbat erabiltzen duten bildu dugu». Gaineratu dutenez, «euskararen erabilera handitzeko eusleak identifikatu ditugu, euskarari eusten dioten pertsonak». Hamalau astez egin dute ariketa, eta «parte hartzaileek hagitz ongi baloratu» omen dute. Bertzeak bertze, «baliagarri iruditu zaie kanpo harremanetan ez ezik, langileen arteko harremanetan ere euskara gehiago erabiltzeko, euskaraz ikasten ari diren profesionalak euskaraz erosoago aritzeko eta langile euskaldunak identifikatzeko».

Datuak ere eman ditu Elhuyarrek: «Mintzasarea dinamika hasi baino lehen, euskaldunen arteko euskararen erabilera (euskaraz eta batez ere euskaraz solas egiten zutenen kopurua) % 53koa zen. Mintzasarearekin lehenbiziko fasean euskararen erabilera % 72ra igo zen. Uda ondoko fasean, ordea, % 66an gelditu da».

Hemendik aitzinera bide beretik segitu nahi dute. «Dinamika mantentzea» dute erronka, gisa horretara, «euskararen erabilera eutsi eta herritarrei emandako zerbitzua ahalik eta aberatsena eta kalitatezkoena izateko».

 

Doneztebeko Osasun Etxeko langileen artean euskararen erabilera aztertu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun