Malerrekako Rallyan parte hartzeko izen ematea zabalik da

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 4a, 10:00

Malerrekako Rallya prestatzen hasiak dira Malerreka Motorsport kirol elkarteko kideak. Azaroaren 26an eginen dute lasterketa, seigarrenez, baina aurtengoa berrikuntzekin dator.

Unai Apezetxea Malerreka Motorsporteko kideak kontatu duenez, «bortz urtez rallysprinta egin dugu, tarte berean hiruzpalau pasaldi. Aurten, berriz, Malerreka guzian barna rally bat egitera animatu gara. Lau tarte izanen dira, bi aldiz errepikatuz gero guztira zortzi. 90 kilometro kronometratuak izanen dira». Gaineratu duenez, «kotxe gehiago espero ditugu».

Asfalto gaineko Nafarroako Rally Lasterketarako puntuagarria izanen da. Baina ez hori bakarrik. Aurten, estreinakoz, Renaultekoak ere bertan izanen dira lehian. Espainiako Rally Solo Renault txapelketa jokatuko dute.

Izen ematea azaroaren 16ko 20:00 arte izanen da zabalik, www.fotomotor.com atarian. Azaroaren 18an argitaratuko dute parte hartzaileen zerrenda. Eta hilaren 26an, 08:00etan hasiko da proba. «20:00 arte luzatuko dela» dio Apezetxeak. Bertzalde, komisario bila dabiltza Malerreka Motorsportekoak. Lagundu nahi duenak 608 83 07 14ra dei dezake.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun