e-Remonteko pilotariek jokatuko dute aurten Azpeitiko erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 3a, 16:00

Azpeitiko erremonte txapelketako aurkezpenean ez zen eskualdeko ordezkaririk izan, baina hiru ariko dira ortziraletik hasita. Argazkia: uztarria.eus

Aimar Saldias oiztarrak Zeberio II.arekin eginen du bikote, Aimar Jabalera doneztebarrak Ionekin eta Xanti Uterga doneztebarrak Agirrezabalarekin

Zeberio II.a-Saldias, Jabalera-Ion, Matxin III.a-Otano eta Uterga-Agirrezabala dira aurtengo Azpeitiko erremonte txapelketan parte hartuko duten lau bikoteak. Azaroaren 4an, ortzirale honetan jokatuko dute sailkapen ligaxkako hiru jardunaldietako lehena. Azaroko lau ortziraletan jokatuko dute txapelketa Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan; azaroaren 25ean bukatuko da, finalarekin. Jaialdi guztiak 22:00etan hasiko dira eta ordu erdi lehenago irekiko dute frontoiko txarteldegia; jardunaldi bakoitzerako sarrerak zein txapelketa osorako abonamendua izanen dituzte aukeran zaletuek.

Berrikuntzekin dator Azpeitiko Erremonte Txapelketa. Aurten, lehen aldiz, e-Remonte enpresako pilotariak izanen dira txapelketan parte hartuko dutenak, eta ez Oriamendikoak. Asteazken arratsaldean aurkeztu zuten Azpeitiko udaletxean azaroaren 4an, hasiko den txapelketa. Lau bikote lehiatuko dira bertan, eta zortzi pilotarietatik hiru Malerrekakoak izanen dira: Aimar Saldias oiztarra eta Aimar Jabalera eta Xanti Uterga doneztebarrak.

Zeberio II.a-Saldias, Jabalera-Ion, Matxin III.a-Otano eta Uterga-Agirrezabala dira, hain zuzen ere,txapelketan parte hartuko duten lau bikoteak. Azaroko lau ortziraletan jokatuko dute txapelketa Izarraitz pilotalekuan. Lehendabiziko hiruetan sailkapen ligaxkako partidak jokatuko dituzte, jardunaldi bakoitzeko bi. Horrela, hiru jardunaldiotan bikote denek denen kontra jokatuko dute, eta ligaxkan lehen bi tokietan sailkatzen diren bikoteek jokatuko dute finala, azaroaren 25ean; finalaren aitzinetik, berriz, hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partida jokatuko dute.

Hau da ligaxkaren hiru jardunaldietako partiden egutegia:

  • Azaroaren 4a: Zeberio II.a-Saldias Jabalera-Ionen kontra, eta Matxin III.a-Otano Uterga-Agirrezabalaren kontra.
  • Azaroaren 11: Zeberio II.a-Saldias Uterga-Agirrezabalaren kontra, eta Matxin III.a-Otano Jabalera-Ionen kontra.
  • Azaroaren 18a: Zeberio II.a-Saldias Matxin III.a-Otanoren kontra, eta Uterga-Agirrezabala Jabalera-Ionen kontra.
  • Azaroaren 25a: hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida, eta finala.

Txapelketaren lau jaialdiak 22:00etan hasiko dira Izarraitzen, eta partida guztiak 35 tantotara jokatuko dituzte. Pilotalekuko txarteldegia 21:30ean irekiko dute lau egunetan. Jaialdi bakoitzeko sarrerak 6 eurotan salduko dituzte; baina bihar, lehen jardunaldiaren aitzinetik, txapelketa osorako abonamenduak ere aukeran paratuko dituzte, 15 euroren truke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun