Binakako erremonte profesionaleko txapelketaren bigarren edizioko finala jokatuko dute urriaren 22an, larunbatean 18:00etan Tafallako Ereta pilotalekuan hasiko den jaialdian. Zeberio II.a eta Ion, Matxin III.a eta Otanoren kontra ariko dira. Beraz, ez da eskualdeko erremontistarik izanen. Jaialdiko lehen partidan, aldiz, Doneztebeko hiru erremontista ariko dira, hirugarren posturako lehian: Xanti Uterga eta David Mitxeo, Aimar Jabalera eta Agirrezabalaren kontra ariko dira.
Ohi bezala, hamasei urtetik goitikoek 10 euro ordaindu beharko dute sarreran eta bildutakoa osorik emanen diote ADANO elkarteari.