Amaia Illarramendi Arzalluz

«Nire lekua Saldiasen dago eta gelditzeko etorri naiz»

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 23a, 09:00

24 urteko azkoitiarra da Amaia Illarramendi Arzalluz. «Pertsona aktiboa eta kuriosoa naizela esango nuke, gauzen zergatia jakitea eta ulertzea gustatzen zait». Naturaren eta kirolaren maitalea da; «betidanik oso presente egon dira nire bizitzan, familia eta lagunekin mendira nahiz itsasora joatea eta tokian tokiko paisaiaz zein konpainiaz gozatzea gustatzen zait». 

Azkoitiar bat Saldiasen

«Duela bi urte pasatxo» etorri zen Malerrekara bizitzera; «bikotekidea saldiastarra da. Gainera, irakaslea naiz eta orain duela bi urte lan eskaintza bat jaso nuen Baztan ikastolatik. Ondorioz, elkarrekin bizitzeko aukera suertatu zitzaigun».

Orain argi du «gelditzeko» etorri dela; «aspalditik pentsatu izan dut hemen bizitzen bukatuko genuela eta behin pausoa emanda, zuzen nenbilela argi ikusi dut».

«Alde handia»

Ia 12.000 biztanle dituen herri batetik 100 biztanle baino gehixeago dituen herri batera joatean, «dudarik gabe alde handia dago, bai biztanleria aldetik eta ondorioz baliabide aldetik eta baita bizi estilo edo ohitura aldetik ere». 

Izan ere, «Azkoitian etxetik atera bezain laister dena eskura dagoela esan daiteke, hemen kotxearen beharra nabarmenagoa da. Baina han jendea handik eta hemendik ibiltzen da, hemen, berriz, lasaitasuna eta naturarekin kontaktu zuzena nagusitzen da. Toki bakoitzak bere berezitasunak ditu».

«Azkoitiako familiaren eta lagunen falta» nabaritzen duela aitortu du, «nire ondokoekin gertukoa eta goxoa naizela esango nuke eta astebururo bisita egiten diedan arren egunerokotasunean, nola ez, faltan sumatzen ditut. Baina zorionez teknologiari esker eguneroko kontaktuan egoten naiz beraiekin, eta berdina ez den arren, herrimin hori pixka bat arintzen laguntzen du».

«Haurtzarotik oso presente dugun figura da irakaslearena»

Hala ere, ez da hartutako erabakiaz «batere» damutzen; «Saldiasen lasai eta eroso nago, etxean sentitzen naiz, babes handia dut bertan. Jatorrizko familia eta lagunak Azkoitian ditudan arren nire lekua hemen dagoela esango nuke».

Gainera, bi herriak oso euskaldunak dira, «eta dudarik gabe nire bizitzan horrek garrantzia handia du. Inguru oso euskaldunetik nator eta zorionez hori mantentzeko aukera dut hemen ere».

Irakasle lanetan

Irakaslea da Illarramendi, eta 2020-2021. ikasturtean hasi zuen bere ibilbide profesionala; «Baztan Ikastolak eman zidan horretarako aukera eta oso eskertua nago, bi urte zoragarri igaro nituelako bertan. Egun, Donostiako eskola publiko batean ari naiz lanean, Haur eta Lehen Hezkuntzan egoten naiz, ingeleseko irakasle eta hizkuntza indartze lanetan».

«Betidanik» jakin izan du pertsonekin lan egingo zuela, «aurrez aurreko eta kontaktuko pertsona naizelako». Irakaslearena «haurtzarotik oso presente izan dugun figura» dela dio; «mota guztietako irakasleak izan ditut eta bakoitzak nire ikaskuntza, interesak eta pertzepzioa nola baldintzatu zezaketen ohartu nintzen. Ordutik, irakaslea izan nahi nuela jakin nuen eta sinesten dudanarekiko gogor lan egiten saiatzen naiz».

Irakaskuntzaren argi-itzalak

Gustuko duen lanbidea bada ere, ez da beti erraza; «nire kasuan etxera eramaten dudan karga emozionala da alderdi zailena. Oso pertsona sentibera naiz eta ez dakit gauzak bere horretan uzten edo deskonektatzen. Beraz, askotan ikusi edo entzundakoak etxera eramaten ditut eta buruari buelta gehiegi ematen dizkiot». Baina, aldi berean, «horixe da gure lana hain berezi egiten duena, alderdi emozional handia duela. Beraz, esan dezaket ez dela gutxien gustatzen zaidana ere, alegia kudeatzen ikasi behar dudan erronka bat gehiago dela».

«Alderdi emozionalak egiten du berezi gure lana»

Haur ttikiekin lan egitean, irakastea ez ezik, heztea ere tokatzen zaio askotan; «tokian tokiko beharren arabera lan egin behar da eta horrek hainbat rol hartu beharra suposatzen du. Hala ere, heziketa bi norabidetakoa izaten da, beraiek gurekin ikasten baitute, baina baita guk beraiekin ere».

Irakaskuntza onaren gakoa «kalitatezko denbora eskaintzea» dela dio; «gure lanean erantzun bakar eta itxirik ez dagoela ulertzea ezinbestekoa da eta horretarako, konfiantzazko, goxotasunezko eta elkar entzuteko zein errespetatzeko gune eta momentuak lortu behar dira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun