Bertze urte batez Erreka elkarteak Mendiaren Eguna antolatu du, Doneztebeko udalaren laguntzarekin. Azaroaren 12na izanen da eta berriro ere aukera ezin hobea izanen da goi mailako proiekzioa eta alpinista haundi bat ikusteko. Gurean dagoeneko hain ezaguna den Alex Txikon alpinista haundia izanen da berriro Donezteben, bere azken proiekzioarekin.
Aitzinetik, azaroaren 12an, larunbatean 07:30ean mendi irteera eginen dute autobus geltokitik. 12:30ean poteoa. 14:30ean bazkaria Casino elkartean. Bazkarirako txartelak Titi ostatuan har daitezke azaroaren 9ra bitarte.
18:30ean, Anwar (Argiz betea) filma ikusgai izanen da Doneztebeko zine aretoan, Alex Txikonen eskutik. Sarrerak 5 eurotan salgai daude, Ostiz dendan eta Titi Ostatuan.
ANWAR (Argiz betea)
Apirilean Bilbon, Euskalduna Jauregian aurkeztu eta Europako hainbat hiritan proiektatu ondotik, Nafarroan lehenengoz Donezteben, Erreka Mendi Egunean estreinatuko du Txikonek ‘Anwar’ filma. Nepalen, Sierra Leonan eta Pakistanen filmatutako pelikula honek, Alex Txikonen neguko Manaslu 2021 (Nepal) espedizioan murgiltzen gaitu. Kutsatu gabeko lehenengo espedizioa da, eguzki panelekin bultzatua. Sistema jasangarri honekin, Pariseko akordioa errespetatzen dute, aztarna energetikoa guttituz.
Erreka elkarteko mendi ataleko arduradun berria den Ibai Marizkurrenaren erranetan, «honekin lan solidario bat hasten du Alexek, EKI fundazioaren laguntzarekin. Alexek Sierra Leonan EKI Fundazioak egiten duen lana ezagutuko du, non eskoletan eta ospitaleetan energia-autonomia ahalbidetzen dituzten eguzki-energia sistemak eskaintzen dituzten».
Alexen proposamena, Diamerrren (Pakistan), beretzat arras berezia den Günter Messner Mountain eskolaren berdina egitea da. Honekin, bi kultura arras desberdinak baina era berean berdinak elkartuko ditu. Bihotz oneko lan aunitzen proiektua da, pandemia garaian zailtasun aunitzekon filmatutakoa. Alex Txikonen hitzetan «balio humanitarioak azpimarratu nahi ditut, eta uste dut ikusleak ikusi ahalko duela zeinen gaizki banatuta dagoen lurra. Asian jaiotzen zaren lurraldearen arabera, bizitza ona izateko aukerarik gabe haziko zara, gauza bera gertatzen da Afrikan. Ikusleak pentsatu, enpatizatu eta islatu ahalko du haur hauen aukeren faltari buruz».