Binakako erremonte profesionaleko txapelketako finalistak igandeko jardunaldian erabakiko dira Irunberrin

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 14a, 17:00
Mitxeo, Uterga, Matxin III.a eta Otano Donezteben jokatutako jaialdian. Bikote bakoitzak bere partida irabazten badu finalean izanen dira laurak.

E•remonte enpresak eta Beti Euskal Jai Fundazioak antolatutako binakako erremonte profesionaleko bigarren txapelketako finalistak igande honetan erabakiko dira, 17:30ean Irunberriko pilotalekuan jokatuko den jaialdian. Finala urriaren 22an jokatuko dute Tafallan.

Hiru bikote ailegatu dira finalera sailkatzeko aukerekin: Zeberio II.a eta Ion, Uterga eta Mitxeo eta Matxin III.a eta Otano. Jabalera-Agirrezabala eta Eloi Otxandorena eta Aimar Saldias bikoteek ez dute aukerarik, baina hauek epaile izan daitezke igandean.

Hain zuzen, jaialdiko lehen partidan Matxin III.a eta Otano ariko dira Otxandorena eta Saldiasen kontra. Matxin III.ak eta Otanok irabaziko balute finalean izanen lirateke. Galduta ere, lortutako emaitzaren arabera, sailkatzeko aukera izanen lukete, bigarren partidako emaitzaren arabera.

Bigarren partidan Zeberio II.a eta Ion, Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarren ariko dira. Irabazlea finalean izanen da eta galtzaileak ere, izanen luke aukerarik, lortutako tantoen eta lehen partiduko emaitzaren arabera.

Txapelketako bertze jardunaldietan bezala, sarera 10 euro kobratuko dute eta osorik ADANO elkartearentzat izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun