Ezkurra II.a eta Juanenea izanen dira eskualdeko erremontistak Oriamendik antolatutako Binakako Erremonte Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 14a, 12:00

Binakako erremonte txapelketan parte hartuko duten pilotari gehienak. Ezkerretik hasita bigarrena Ezkurra II.a doneztebarra eta eskuinetik hasita bigarrena, Aritz Juanenea saldiastarra. Argazkia: Maialen Andres

Eskumuturreko lesioaren ondorioz, hamalau urtez segidan jokatu eta zazpi txapel jantzi ondotik, Urrizak ez du parte hartzerik izanen aurten

52. Binakako Erremonte Txapelketa-Orona Fundazioa aurkeztu zuten ortzegunean Orona Ideon eta azken orduko berri tamalgarri batekin hasi zen aurkezpena. Javier Urriza txapeldun handiak ezin izanen du txapelaren defentsa egin lesio baten ondorioz. Bortz bikotek jokatuko dute txapelketa, tartean, eskualdeko bi: Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak Martirena uitzitarrarekin jokatuko du eta Aritz Juanenea saldiastarrak, Ansa II.a izanen du lagun aitzineko koadroetan.

Hauekin batera, Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a, Aldabe-Azpiroz eta Segurola-Larrañaga ariko dira. 

Finalerdia abenduaren 24an eta finala abenduaren 29an

Txapelketa larunbatean hasiko da jokatzen eta lehenengo partiduan Segurola eta Larrañagak, Aldabe eta Azpiroz izanen dituzte aurrez aurre.

Bortz bikoteek ligaxka bat jokatuko dute urriaren 15a eta abenduaren 27a bitarte. Denak denen aurka ariko dira eta aurten berrikuntzekin dator ligaxka. 

Aurten, lehenengo sailkatuak finalerako txartela lortuko du zuzenean. Bigarren eta hirugarren sailkatuak finalerdietarako txartela lortuko dute eta azken bi sailkatuak kanporatuak izanen dira. Beraz, ligaxkak garrantzia irabazten du.  Bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia abenduaren 24an, Eguberri egunean, jokatuko dute eta ligaxkaren irabazlea zain izanen du garaileak abenduaren 29ko finalean.  Azken partidu horretatik irtengo da txapelduna.

Aipatu bezala, eskuin eskumuturra ez zaio behar bezala osatu Urrizari eta bertze hiru astetan atseden hartu beharko du. Horren ondorioz baja da txapelketa nagusian. Erremontista nafarrak azaldu bezala, «inoiz ez nuen hutsik egin, 14 urte daramatzat profesionaletan eta urtero jokatu dut». Gainera zazpi aldiz izan da txapeldun, baina aurten ez da bertan izanen. 

Barrenetxeak eta Ansak, pena zuten Urriza lesio horregatik. «Pena da adiskide bat eta bere mailako erremontista bat ez egotea». Hala ere Ansak «ilusioa» ere aipatu zuen txapelketa berri baten atarian. 

Pasa den urtean Urrizak eta Labakak lortu zuten txapela Ansa II-Martirenaren aurka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun