Urriaren 7an, ostiralean hasi ziren lehen ospakizunak. Negu hurbilak filma proiektatzeko eta mahaingurua egiteko asmotan zebiltzan, baina azken orduan, arazo teknikoengatik, ez zen ikusterik izan. Pintxo lehiaketara bost pintxo aurkeztu zituzten, ohi baino gutxiago, eta Maialen Elizalde suertatu zen garaile. Trikipoteoa ere egin zuten eta Errandonea ostatuko mus txapelketan hamabi bikotek eman zuten izena. Horien artean Jexux Santesteban eta Josetxo Elizalde izan ziren txapeldun, finalean Jabiertxo eta Mikel Santesteban aita-semeei irabazita.
Halere, egun handia larunbata izan zen, urriaren 8a. Goizean herriko eskulangileen lanak ikusgai eta erosgai izan ziren plazan. Joaldunak ibili ziren eta eguerdian Dantza Luzea ederki dantzatu zuten. Pena bakarra, gizonezko bakarra animatu zela dantzatzera. Herritarren arteko herri kirol aposturik ez zen egin, baina estalpeko herri bazkarian giro ederra izan zuten bildutako 92 lagunek, herriko trikirilariak lagun. Arratsaldean haurrentzako jokoak izan ziren eta Burrunba elektrotxarangak ere giro ederra paratu zuen. Trikidantz taldearen musikak borobildu zuen Euskararen Eguneko egitaraua eta kanpotik ere gazte asko hurbildu zen.