Malerrekako eskuz binakako XXI. pilota txapelketarako izen emateko epea zabalik da

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 5a, 08:00
Urtarrilaren 8an hasi eta otsailaren 18an jokatuko dituzte Malerrekako XXI. eskuz binakako pilota txapelketaren finalak.

Azaroaren 6ra arte eman daiteke izena eta zortzi kategoriatan banatuak ariko dira pilotariak 2023ko urtarrilaren 8tik aitzinera

Doneztebeko Erreka Elkarteak antolatutako Malerrekako XXI. eskuz binakako pilota txapelketan izen emateko epea ireki dute azaroaren 6ra arte. Heldu den urteko urtarrilaren 8tik hasita, zortzi kategoriatan banatuak ariko dira pilotariak: umeak, kimuak, haurrak, neskak (2008, 2009 eta 2010 urteetan jaioak), gaztetxoak, gazteak, seniorrak eta senior elite. Kategoria guztietan lehiaketa irekia izanen da, senior eta elite kategorietan izan ezik, honetan pilotariak gonbidatu eginen baitituzte.

Kanporaketa moduan jokatuko da txapelketa eta finalak otsailaren 18an  jokatuko dituzte. Izen ematea posta elektroniko bidez egin daiteke (salaae@gmail.com) eta izen emateko orrian, telefonoaren zenbakia eta posta elektroniko helbide bat jarri behar dira. Parte hartzeko federazio lizentzia eguneratua ere derrigorrezkoa da eta kategoria bakoitzeko, gehienez ere 32 bikote onartuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun