Uda giroa

Euripean hasitako sanmigelak giro eguzkitsuarekin akitu dituzte Urrozen

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 3a, 14:30

Aurtengoan bortz egun iraun dituzten bestei bukaera eman zioten urroztarrek atzoko egunarekin. Ekitaldi ugari izan dira, asteazkenean hasi eta igandera arte eta giro bikaina izan da nagusi egun hauetan. 

Asteazkenean hasitako bestei, ortzegun goizean, egun haundian eman zioten segida. Goizean meza, Doneztebeko Mendi abesbatzaren emanaldia eta luntxa izan zituzten. Arratsaldean, gazteen arteko herri kirol saio ikusgarria izan zen eta ondotik patata tortilla eta postre lehiaketa. Hemen ere hainbat sari banatu zituzten lehen postuetan gelditu zirenen artean; Oihan eta Maitek bigarren postua lortu zuten eta Jonan eta Nataliak lehenengoa.

Ortziralean hasitako mus txapelketako finala larunbatean jokatu zuten, eta Ibai Juanena eta Andoni Zozaia izan ziren txapeldun, eta Manolo eta Pakitto bigarren. Plater tiraketan Aimar eta Unai gelditu ziren lehen postuetan, hurrenez hurren, eta ondotik paella afariaz gozatzeko aukera izan zuten 50 lagunek herriko frontoian.

Larunbatean, herri bazkaria izan zuten, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi bertsolariekin eta Beñat Mitxelena akordeoilariak lagunduta.

Akitzeko, igandean, azken egunean, aizkora apustua izan zen plazan, Iker Vicente eta Ugaitz Mugertza eta Julen Alberdi Txikia IV.a eta Mikel Larrañagaren kontra. Lehia estua izan zuten, baina bigarrenak izan ziren garaile.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun