Uterga eta Jabalera aurrez aurre izanen dira Agoitzen Nafarroako erremonte profesionaleko txapelketaren laugarren jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 29a, 15:00

Uterga eta Jabalera berriz ere aurrez aurre izanen dira ortziralean Agoitzen. Beteranoarentzat garrantzitsua da garaipena, gaztearentzat nahitaezkoa, finalerako txartela lortzeko aukeraren bat izatekotan.

Ortziralean 19:00etan hasiko den jaialdiko lehen partidan Zeberio II.a eta Ion, Matxin III.a eta Otanoren kontra ariko dira eta bigarrenean, Mitxeo eta Agirrezabala izanen dira Doneztebeko bi aurrelarien bizkartzain

Nafarroako erremonte profesionaleko binakako txapelketako laugarren jardunaldia jokatuko dute irailarem 30ean, ortziralean 19:00etan hasita Agoizko Toki Eder pilotalekuan. Lehen partidan Zeberio II.a eta Ion, Matxin III.a eta Otanoren kontra ariko dira eta bigarrenean, Xanti Uterga eta Dabid Mitxeo doneztebarrek, Aimar Jabalera doneztebarra eta Agirrezabala izanen dituzte arerio.

Jabalera eta Agirrezabalarentzat ligaxkako azken partida izanen da eta garaipena nahitaezkoa izanen dute, finalerako sailkatzeko aukerak izatekotan. Lehen partidan Matxin III,ak eta Otanok garaipena lortuko balute, jardunaldi baten faltan finalerako txartela eskura izanen lukete.

Txapelketako bertze partidak bezala, hau ere ADANO elkartearen aldekoa izanen da eta 10 euroko sarrera/ekarpena ordaindu beharko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun