Laxaro Erregerena omendu dute Iturengo Joaldunen Egunean

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 28a, 13:00

Bi urteren ondotik egindako ospakizunean hainbat urtez joaldunen buru izandakoa ohoratu zuten

Bi urteren ondotik Joaldunen Eguna ospatu zuten irailaren 24an Iturenen. Joaldunak, trikitilari eta pandero joleak, eta Jon Maia eta Aitor Mendiluze bertsolariak Ameztiko baserrietan barrena egin zuten itzulia larunbat goizean. Eguerdian, Ameztitik Lasagara eta gero herrira iritsi ziren denak. Joaldun guztiak plazara sartutakoan hasi zen Laxaro Erregerenaren omenaldia.

Berak jo zituen azkeneko joare soinuak, baina akitzean parean zituen herriko txistulariak, Ane alaba eta Maria dantzariak aurreskua dantzatzeko. Bertsolariek ere bertso politak bota zioten joaldun handiari eta opariak ere izan ziren beretzat. Omenaldia akitu ondotik, Larretxea, Txapartegi eta Bordaxuri eta Joxemari herritarrak aritu ziren aizkora apustuan. Eguerdi partean, karpa beterik, bazkari eder baten bueltan elkartu ziren 180 pertsona. Bertsolarien bertsoez gain Hauspolariek taldearen kantu eta dantza artean ederki pasa zuten arratsalde partea. Zezensuzkoak ere bere bisita egin zuen. Eguraldia ez zuten lagun izan, baina hori ez zen oztopoa izan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun