E·Remonte Beti Euskal Jai Berri enpresak antolatutako binakako erremonte profesionalen txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu zuten ortzirale arratsean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Bortz bikote ari dira txapelketa honetan eta Malerrekako bortz erremontista eta bortzak Donezteben lehian ikusteko aukera izan zuten, besta ttikien hasieran. Halere, bortz horietatik bakarrak lortu zuen garaipena, Aimar Jabalera doneztebarrak.
Lehen partidan, Eloi Otxandorena doneztebarra eta Aimar Saldias oiztarra, Aimar Jabalera doneztebarraren eta Agirrezabalaren kontra aritu ziren eta urdinak garaile suertatu ziren, 25-35. Bigarren partidan ere emaitza berbera errepikatu zen urdinen alde, Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrek 25-35 galdu zuten Matxin III.a eta Otanoren kontra.
Txapelketako jaialdi guztietan bezala, Donezteben bildutako dirua ADANOra bideratuko dute.
Doneztebeko jardunaldiaren ondotik, Agoitzen irailaren 30ean eta Irunberrin urriaren 16an jokatuko dituzte hondarreko bi jardunaldiak. Ligaxkako bi bikote onenek finala jokatuko dute urriaren 22an Tafallan.