E·Remonte Beti Euskal Jai Berri enpresak antolatutako binakako erremonte profesionalen txapelketako hirugarren jardunaldia jokatuko dute irailaren 23an, ortziralean 19:00etan Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Bortz bikote ari dira txapelketa honetan eta Malerrekako bortz erremontista eta bortzak Donezteben lehian ikusteko aukera izanen da.
Lehen partidan, Eloi Otxandorena doneztebarra eta Aimar Saldias oiztarra, Aimar Jabalera doneztebarraren eta Agirrezabalaren kontra ariko dira. Bigarren partidan, Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrek, Matxin III.a eta Otano izanen dituzte arerio. Txapelketako jaialdi guztietan bezala, Donezteben bildutako dirua ADANOra bideratuko dute.
Doneztebekoaren aitzinetik, Artaxoan irailaren11n jokatutako lehen jardunaldian garaipen garbiak lortu zituzten Utergak eta Mitxeok (35-23 Otxandorena eta Saldiasen kontra) eta Zeberio II.ak eta Ionek (35-18 Jabalera eta Agirrezabalaren kontra). Altsasun irailaren 16an jokatu zuten bigarren jardunaldia berdinduagoa joan zen. Matxin III.ak eta Otanok 35-32 irabazi zieten Jabalera eta Agirrezabalari eta bigarrenean, Otxandorena eta Saldiasek 35-30 irabazi zieten Beñat eta Ioni.
Doneztebeko jardunaldiaren ondotik, Agoitzen irailaren 30ean eta Irunberrin urriaren 16an jokatuko dituzte hondarreko bi jardunaldiak. Ligaxkako bi bikote onenek finala jokatuko dute urriaren 22an Tafallan.