GORKA BIDEGAIN

«Zerotik hasi eta pilotarien beharretara egokitu dugu Bortz Kirol Txapelketa»

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 21a, 12:00
Narbarteko Julen Iriarte eta Dabid Albiasu eta Oiartzungo Andoni Ugalde pilotariak eta Gorka Bidegain, Erreka elkarteko antolatzailea, astelehenean Donezteben egin zuten entrenamenduan.

Gorka Bidegain, Erreka elkarteko antolatzailea 

Doneztebeko Erreka Kirol Elkarteak, garai batean Mezkiritzen jokatzen zen Bost Kirol txapelketaren bidea segituz, gisa bereko txapelketa martxan jartzea erabaki du. Eskualdeko neska-mutilei zuzendua dago lehiaketa, eta euskal pilotaren barnean pilotari emateko dauden bortz modutan jokatuko dira buruz burukoak; eskuz, paleta goma, xare, joko garbi eta laxoa motza.

Bortz modalitate hauek menperatzen dituzten pilotari gutti daudenez, Doneztebeko frontoian entrenatzen ari dira asteotan. Errekak paratu duen materialarekin. Interesa dutenek eta parte hartu nahi dutenek errekaelkartea@yahoo.es helbide elektronikora idazten ahal dute informazio gehiago eskatzeko edota izena emateko.

Nola gogoratu zaizue Erreka elkartetik Bortz Kirol txapelketa sustatzea?

Gure artean solas egiten ari ginen, holako txapelketa anitz batek arrakasta izan zezakeela, izan ere, pilotariendako erronka izan zitekeen, eta herri kiroletan pentatloiak izan duen arrakasta ikusita, txapelketa martxan jartzera animatu ginen.

Mezkiritzen egiten zen txapelketan oinarritu zarete, baina egokitu ere egin duzue…

Mezkiritzeko txapelketan palak pisu handia zuen, hiru modalitatetan jokatzen baitzuten (pala motza, paleta larruzko pilotarekin eta paleta goma) eta gure asmoa izan da horrekin pixko bat haustea eta jokamoldeak aberastea. Horrela, pilota jotzeko bortz modu paratu ditugu: eskuz, paleta goma, xarea, erremontean jotzeko modua eskularru edo laxoa motza eta zestan bezala jotzeko joko garbia.

Dagoeneko pilotari batzuk parte hartuko dutela baieztatu dute. Nongoak dira?

Orain arte gehiengoa Baztan Bidasoakoa bada ere, Oiartzungo bat ere animatu da, eta Hazparne eta Donibane Lohizuneko pilotari batzuk ere interesa erakutsi dute.

Noizko espero duzue txapelketarekin hastea? Noiz arte da izena emateko epea?

Hasiera batean urri hasieran hastekoak ginen, baina pilotariak entrenamendu gehiago nahi dituzte batetik, eta erabili beharreko piloten inguruko adostasuna bilatzen ari gara bertzetik, horrek dena gibeleratu digu pixko bat, dena den urrian hasi nahiko genuke. Nahi duten pilotari guztiak animatu nahi ditugu eta animatzen denak Erreka elkartearen helbide elektronikora idatz dezala (errekaelkartea@yahoo.es). Pilotariekin whatsapp talde bat ere badaukagu eta hor zehazten dugu pilotari bakoitza zein joaten ahal den entrenatzera eta bertze.

Entrenamiento batzuk ere egin dituzue eta pilotariak gogotsu omen daude…

Bai, haiendako ere nolabaiteko erronka da, jokamolde desberdinetan trebatzea batetik, eta gogo askorekin daude bai… Interesa erakutsi duten zortzi-hamar bat pilotari badaude dagoeneko eta aurten zerotik hasiko garenez, beraien beharretara egokituko gara.

Bortz pilota modalitate uztartzea ez da erraza izanen pilotarientzat. Gainera, batzuk, hemen ezezagun xamarrak dira…

Hegoaldeko pilotariendako jokamolde gehienak ezezagunak dira, gure ingurukoek akaso eskularrua dominatzen dute, baina xare eta joko garbian hasi berriak dira. Orokorrean hegoaldean ez dira hain ezagunak ezta gure eskualdean ere. Joko garbiaren kasuan herramientak prezio bat dauka, nahiko erraz hausten da… lehenbiziko pausua izan da tresnak eskura jartzea, Errekak inbertsioa egin du horretan eta bi hilabete lehenagotik entrenatzeko aukera eman du, tresna horiekin trebatzeko. Iparraldekoak, ostera, nik uste denetan arituak direla…

Halere, aipatu duzu, pilotariak elkarlanean ari dira, modalitate batean aritzen direnak bertzeei erakusteko prest, egokitzeko prest…

Bai bai, antolakuntzak ez ezik pilotariek ere arras argi dute txapelketak funtzionatuko badu, nolabaiteko oreka bilatu behar dela, hori dela eta prest daude berez jokamolde batzuetan erabiltzen diren pilotak pisko bat jausteko, pilotari hasi berriei entrenamenduetan laguntzeko, araudian egin beharreko doikuntzak egiteko, beti ere oreka hori bilatze aldera. 

Txapelketa hau segida izateko borondatearekin antolatu duzue?

Bai, Erreka Kirol Elkarteak epe luzerako egindako apostua da txapelketa, materialean inbertsio koxkorra egin da, eta pilotariek ere horrela hartu dute… Herri kiroletako pentatloian gertatu bezala, urtez urte pilotarien maila hobetuko dela uste dugu, jokomolde ezezagunetan jartzen joanen direlako pilotariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun