Uraren Eguna ospatuko dute irailaren 24an Donezteben

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 20a, 14:00
Uraren bidean barna oinez joanen dira Zubietatik Donetebera eta bide berdean bizikletaz ibiltzeko aukera ere izanen da.

Zubietatik Uraren Bidearen barna eginen den txangoak eta bizikletan bide berdean eginen denak bat eginen dute eguerdian Intzakardi parkean

Uraren Eguna ospatuko da Irailaren 24an Doneztebeko Intzakardi parkean, Uraren Bailarak erakundeak eta Cederna Garalur elkarteak antolatua, Nafarroa Ezagutu Sarearen barrenean. Uraren Eguna izanik eta Uraren bailaratan barrena eginen diren jardueratara, bizikletaz edo oinez etortzeko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek. Larunbatean 10:00etan hasiko dira jarduerak zenbait tokitan.

Oinezko jardueran, Zubietako errotatik abiatuko dira 10:00etan Uraren Bidean barrena, gutxi gora behera bi orduko paseotxo bat emanez Doneztebera ailegatzeko. Bidean, aditu batekin batera, topa ditzakegun sendabelarrak aurkitzen saiatuko dira. Adituak sendabelarrak zertarako eta nola erabiltzen diren azalduko du.

Bizikletan, berriz, Bide Berdean zehar ibilaldi gidatua eginen dute, bi ordukoa hau ere, 10:00etan Doneztebeko Intzakardi parketik atera eta eguerdi alderako bueltatuko dira. Ibilaldi horretan, ibaiak, ibai bazterretako landareak, animaliak, horiek duten garrantzia, Bide Berdearen historia eta beharbada herriko istorioetan ageri diren garaiko pertsonaia batzuk ezagutuko dituzte.

Eguerdi aldera Intzakardi parkean elkartuko dira guztiak, bertako artisau eta ekoizleen produktuak miresteko, Zubietako talogileen talo gozoak dastatzeko, eta musikaz jantzita egonen den azokan parte hartzeko.

Segidan Bidasoa ibaiaren osasuna aztertzeko aukera izanen dute eta 13:00 aldera parke inguruan zentzumenen ibilaldi bat eginen dute. Jarduera jendeari irekia egonen da. 13.30ean ibilbideari begirada eginez, hitzaldi txiki bat eginen dute.

Uraren Eguna uda honetan Baztan eta Bidasoa eskualdeetan garatzen ari diren jardueren programaren parte da. Azokak jendea gonbidatu nahi du eskualde horietako paisaia eta kultura berrezagutzera. Interesdunek informazio gehiago jaso dezakete 607 67 99 03 telefono zenbakira deituta edo asiertecnicosostenibilidad@gmail.com helbidera idatzita.

Jarduera horiek Baztan-Bidasoako udalerrien turismo elkartea den Uraren Bailarakek eta Cederna Garalur Elkarteak sustatu dituzte, Nafarroa Ezagutu Sarearen barnean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun