Nafarroako binakako erremonte profesionaleko txapelketako bigarren jardunaldia berdinduagoa izan da

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 19a, 20:00
Otxandorenak eta Saldiasek garaipena lortu zuten BeƱat eta Ionen kontra.

Matxin III.ak eta Otanok eta Otxandorenak eta Saldiasek lortu dituzte garaipenak, Jabalera-Agirrezabala eta Beñat-Ion bikoteei irabazita

Lehenbiziko jardunaldian garaipen garbiak izan ziren, baina Nafarroako binakako erremonte profesionaleko bigarren jardunaldiko bi partidetan lehia estua izan zuten ortziralean Altsasun. Lehenbiziko partidan, Matxin III.ak eta Otanok 35-32 irabazi zieten Aimar Jabalera doneztebarrari eta Agirrezabalari eta bigarrenean, Eloi Otxandorena doneztebarrak eta Aimar Saldias oiztarrak 35-30 irabazi zieten Beñat eta Ioni.

Lehenbiziko partidan hamahiru berdinketa izan zituzten eta ez zen bukaerara arte erabaki gorrien alde. Horrela, Jabalerak jokatutako bi partidak galdu egin ditu.

Lehia estuaren ondotik, Jabalerak eta Agirrezabalak galdu egin zuten Matxin III eta Otanoren kontra.

Bigarren partidan, aldiz, hasiera orekatuaren ondotik hamar tantoko aldea ere izan zuten Otxandorenak eta Saldiasek (10-20), baina hogeitalauna berdintzea lortu zuten gorriek, baita 27-24 aitzinetik jartzea ere. Hogeita zazpina eta zortzina berdindu ondotik, 30-35 irabaztea lortu zuen Malerrekako bikoteak.

Hirugarren jardunaldia Donezteben ortziralean

Txapelketa honetako hirugarren jardunaldia irailaren 23an, ortziralean 19:00etan jokatuko dute Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Txapelketan ari diren Malerrekako bortz erremontistak lehian ikusteko aukera izanen da. Lehen partidan, Eloi Otxandorena eta Aimar Saldias, Aimar Jabalera eta Agirrezabalaren kontra ariko dira. Bigarren partidan, berriz, Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrak, Matxin III.a eta Otanoren kontra ariko dira. Txapelketako jaialdi guztietan bezala, Donezteben bildutako dirua ere ADANO elkartera bideratuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun