Charly Speratti

«Arte martzialek gorputzaren, buruaren eta espirituaren arteko harmonia bilatzen laguntzen dute»

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 18a, 09:00

2015ean hasi zen Charly Speratti hainbat herritako polikiroldegietan arte martzialetako klaseak ematen; Beran, Lesakan, Donezteben, Igantzin… «eta joan den urteko abuztuan Seiryu dojoa irekitzea erabaki nuen, Donezteben finkatuta».

Akademiak irakasle bat eta bi instruktore ditu eta bertan  hainbat aktibitate eskaintzen dituzte; alde batetik arte martzialak haur, gazte eta helduentzako (Kick boxing, Muay thai, K1, Jiu jitsu brasildarra) eta bertzetik aurten gehitutako muskulazio, fitness eta nutruzio aholkularitzako zerbitzua.

Argentinarra da Speratti eta bertan egin zuen bere prestakuntzaren gehiengoa, «Hombres de Honor akademiako partaidea naiz». Hala ere, formakuntza «etengabea» dela dio eta klase magistralak, mintegiak eta prestaketak jasotzen segitzen du; «arte martzialak etengabe bilakatzen ari dira eta eguneratua egon behar da». Azken aldian, adibidez, Sergio Maravilla Martinez bederatzi aldiz munduko boxeo txapeldunarekin eta Marcus Bucheca hamahiru aldiz munduko Jiu jitsu brasildar txapeldunarekin aritu da.

Arte martzialak, gaizki ulertutako kirola

Egungo gizartean, arte martzialak «tabu» direla dio, «jendeak indarkeriarekin lotzen baititu, baina ez da horrela inondik ere ez. Arte martzialek baloreak irakasten dituzte: diziplina, konstantzia, konpromisoa, autokontrola, bertzeenganako errespetua, norbere burua hobetzea, integritatea…». Gehitu duenez, «arte martzialen egiazko esentziaren eta telebistan, filmetan zein lehiaketetan ikusten dugunaren arteko nahasketa bistakoa da. Arte martzialetan jarduten hasten den pertsona ez da bortitzagoa  bihurtzen, kontrakoa baizik; estres guttiago dauka, lasaiago dago eta gauzak bertze modu batez ikusten ditu. Gorputzaren, buruaren eta espirituaren arteko harmonia bilatzen laguntzen dute arte martzialek».

Haien seme-alabak horrelako klaseetara eramateko beldurra duten gurasoei adierazi nahi izan dienez, «bizitzan arriskuak ditugu etengabe, eta haur batek arte martzialak ikastea, guk irakasten ditugunak edo bertze edozein motatakoak, egin dezakeen gauzarik onena da. Izan ere, onura fisiko, psikologiko eta soziologikoak amaigabeak dira. Horregatik, osasun adituek gero eta gehiago gomendatzen dituzte horrelako kirolak haurrentzako zein helduentzako.

Azkenik, jendea «arte martzialak probatzera,  konfort-gunetik ateratzera eta sentsazio berriak bizitzera» animatu du. «Arte martzialak hagitz onuragarriak dira eta aldaketa handiak egin ditzakete maila pertsonalean zein sozialean. Gure ateak irekiak daude  probatu nahi duten guziontzako, ez du inporta adinak ezta egoera fisikoak ere. Nahi bada, lortu daiteke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun