Nafarroako gizonezkoen bigarren mailako aizkora txapelketaren finala jokatuko dute irailaren 18an Uharten, igandean 18:00etan hasita Ugarrandia kiroldegiko frontoian. Abuztuaren 13an Arantzako kanporaketan lehen bortz postuetan sailkatutako aizkolariak ariko dira: Xuban Kañamares, Zubietako Mikel Indakotxea, Beintza-Labaiengo Jesus Etxeberria, Goizeder Belza eta Zubietako Patxi Mindegia. Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko enbor bat moztu beharko dituzte. Bi lehenbizikoak lehen mailan ariko dira 2023an.
Aizkora txapelketaz gain, arpanlarien eta harrijasotzaileen erakustaldiak izanen dira Uharten.
Finaletik kanpo gelditu ziren Arantzan Iban Resano, Emilio Garcia, Berako Oier Larretxea, Iker Gorriti, Iosu Santamaria eta Beintza-Labaiengo Jon Telletxea.