Doneztebeko alkate errepublikarra izan zen Emilio Azarolari eskaini dio Nafarroako Artxiboak iraileko mikroerakusketa

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 15a, 09:00

Emilio Azarola, 1931 Espainiako Gorteetarako hautatutako Nafarroako diputatuen artean. Tartean dago, gero Euskadiko lehendakari izan zen Jose Antonio Agirre ere.

Hilabete honetako egun guztietan ikus daitekeen erakusketak Tafallan sortutako asmatzaile eta Doneztebeko alkate errepublikano izan zenaren jaiotzaren 150. urteurrena gogoratzen du

Doneztebeko alkate errepublikanoa, Espainiako Gorteetako diputatua, ingeniaria, asmatzailea eta XX. mendearen lehen herenean elektrizitatea sortzen zuten hainbat enpresatako bazkidea, jaio zeneko 150. urteurrenean jarri zuen mikroerakusketa irailean.


Iraileko egun guztietan ikus daiteke erakusketa, eta Artxiboak dituen dokumentu batzuk, bere figurarekin zerikusia dutenak, jendaurrean paratu ditu. Zehazki, Iruñea eta Logroño artean elektrizitatez mugitutako trenbidearen aurreproiektua, Nafarroan diputatu hautatu zuten 1931ko hauteskundeetako zenbaketa eta 1932an Euskal Herriko Estatutuari buruz egindako batzarretako aktak, besteak beste.

Formatu txikiko lagina, sarrera librea eta doakoa, Nafarroako Artxiboko beheko galerian egongo da irekita iraileko egun guztietan, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

 

Doneztebeko alkate eta Bear-Zana pilotalekuko errebote birakariaren asmatzaile

Emilio Azarola Doneztebeko alkate errepublikanoa izan zen, Espainiako gorteetan diputatu, ingeniari, asmatzaile eta XX. mendearen lehen herenean elektrizitatea sortzen zuten enpresetako bazkide. Tafallan jaio zen 1872ko uztailaren 31n. Madrilen ingeniaritza-ikasketak egin ondoren, Nafarroara itzuli zen, energia elektrikoaren ekoizpenean eta erabileran oinarritutako jarduera profesional eta industrial handia hasteko.

Arlo horretan, ingeniaritzari buruzko artikuluak argitaratu zituen, Electra Aoiz, S. A. bezalako enpresen fundazioan parte hartu zuen, zentral hidroelektrikoetako obrak proiektatu eta zuzendu zituen, hala nola Luzaiden eta Mendigorrian, eta garraio-arloko ekimenak ere egin zituen, hala nola Bidasoko elektrobia (Bera eta Irun arteko ibilbidea egiten zuen trakzio elektrikoko ibilgailua) edo trenbidearen aurreproiektua.

II. Errepublikaren etorrerarekin, Alderdi Errepublikano Erradikal Sozialistako militantea izan zen Azarola. Doneztebeko alkate hautatu zuten 1931ko udal-hauteskundeetan, bertara etorri baitzen bizitzera Eskolastika Etxeberriarekin ezkondu ondotik. Urte hartako apirilaren 14an II. Errepublika aldarrikatu zuten.

Doneztebeko alkate gisa, Bear Zana pilota plazaren eraikuntza akitu zuen. Pilotaleku hori laxoan jokatzeko egin zen, eta Azarolak berak errebote birakariko sistema burutsu bat diseinatu zuen errailen gaineko horma mugikor baten bidez.

Politika eta ingeniaritza arloan bizitza emankor bat eta gero, Donostian hil zen 1964ko urriaren 13an.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun