Leurtzako urtegiak ehun urte bete zituen 2020an, eta aurten mendeurrena ospatzeko aukera badenez, Denboraren bilakaera Leurtzan jardunaldia antolatu dute irailaren 11n, Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalek, Cederna Garalur elkarteak, Nafarroa Ezagutu Sareak, Lursareak eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Aizkora eta trontza erakusketak egiten dituzten bitartean, kirol hauen historia, iragana eta oraingo egoera zalduko dituzte. Familia eta umeentzako sentsibilizazio jokoak eginen dituzte eta honetaz aparte, talogileak eta eskulangileak ere izanen dira Leurtzan.
Igandean 12:00etan trontza, oihanetik aisialdira. 12:30ean aizkora, egurretik kirolera. 13:30ean basoan jolastuz, Leurtza zaintzera. Goizean taloak eta artisauak, egunerokotasunetik azoketara.
Bezperan bizikleta ibilaldia Doneztebeko Bide Berdean
Irailaren 10ean, larunbatean 10:30etik 13:30era Bidasoko Bide Berdearen ondarea eta natura ezagutzeko jarduera eginen dute Doneztebe inguruan, Uraren Bailarak erakundeak, Cederna Garalur, Lursarea, Nafarroa Ezagutu sarea eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Ekintza honetan parte hartzea debalde izanen da, baina aitzinetik izena eman behar da 607 67 99 03 whatsapp zenbakian. Bidasoko Bide Berdearen ondareaz, naturaz eta kondairez gozatzeko aukera izanen dute eta bizikleta eta kaskoa eraman behar dira.