Zubietako Udalak 24.755 euroko dirulaguntza hartuko du museo eta bilduma museografikorako

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 21a, 10:00

Dirulaguntza museoen funtzionamendura, inbertsioetara eta jardueren sustapenera bideratua egonen da. Argazkia: Irantzu Pastor. Bideoa: Zubietak Errota Ekomuseoa.

Nafarroako Kultura eta Kirol Departamentuak 164.086,20 euroko dirulaguntza onartu du, hamar museo eta bilduma museografikori zuzendua. Hainbat udalek, fundaziok, unibertsitatek eta bertzelako erakunde kulturalek jasoko dute dirulaguntza, haien artean Zubietako Udalak. Honen helburua museoei haien funtzionamenduarekin, inbertsioekin eta jarduerekin laguntzea da.

Museoen funtzionamendurako 95.000 euroko aurrekontua onartu da, horietatik 13.231,36 euro Zubietako Udalarentzat izanen direnak. Funtzionamenduaz gain, bildumen kontserbazioa ere sustatu nahi da honekin. Inbertsioetarako 50.000 euroko dirulaguntza emanen dute, horietatik 10.000 euro Zubietara bideratuak. Bertzeak bertze, museoen kontserbazio prebentiboa hobetzeko sistemak, bildumen kontrol, kudeaketa eta ezagutza, eraikinen irisgarritasuna eta bildumen errestaurazio proiektuak hobetu nahi dituzte. Azkenik, museoen jardueretarako dirulaguntzak 30.000 euro izanen ditu, horietatik 1.524,60 Zubietako Udalarentzat. Honekin museoko jarduerak, erakusketen azalpenak eta funtzio kultural eta hezigarriak sustatu nahi dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun