Atutxa eta Otaño nagusitu dira XIX. Ramon Latasa Memorialean

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 16a, 11:00

Aitzol Atutxak eta Eneko Otañok osatutako bikoteak irabazi zuen larunbatean Sunbillan Ramon Latasa zenaren omenez hemeretzigarren urtez antolatutako saria. Hamar kanaerdiko eta sei 60 ontzako mozteko lanean 30 minutu eta 19 segundo behar izan zituzten. Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Julen Alberdi Txikia IV.a eta Ugaitz Mugertza bigarren izan ziren (31.52). Hirugarren postua Mikel Larrañagak eta Jon Rekondo leitzarrak lortu zuten (34.40) eta laugarren postua Iker Vicentek eta Jon Irazuk eskuratu zuten (35.05).

Beteranoen arteko lehian, azkenean Mikel Mindegiak ez zuen parte hartzerik izan eta Joxemiel Peñagarikano aritu zen Donato Larretxearekin batera, Anjel Arrospide eta Joxe Ugartebururen kontra. Azken hauek izan ziren lau kanaerdiko eta 45 ontako bi enborrak mozten bizkorrenak. 9 minutu eta 39 segundo behar izan zituzten eta Peñagarikanok eta Larretxeak 10 minutu eta 31 segundo.

Emakumezkoen arteko lehian, Irati Astondoa eta Laiene Pikabea, Nerea Sorondo beratarra eta Uxue Ansorregi baino bizkorragoak izan ziren. Metroko lau enbor moztu behar zituzten eta irabazleek 10 minutu eta 21 segundo behar izan zituzten eta galtzaileek 13 minutu eta 8 segundo.

Harri-jasotzen azkenik, 137 kiloko kubikoarekin eta 200 kiloko laukizuzenarekin bina minutuko txandetan lehian aritu ziren Aimar Irigoien eta Jon Unanue Goenatxo III.a. Bi altxaldiko abantaila eman zion Irigoienek Goenatxori eta halere nagusi izan zen Irigoien, 15 altxaldi eman baitzituen eta Goenatxok 11.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun