Abuztuaren 12koa, ortziralekoa, kitaldiz betetako eguna izan zen. Goiz partean, erraldoiak eta buruhaundiak, Elizondoko gaitariekin batera, herriko frontoitik abiatu eta karrika nagusian barna ibili ziren, buelta zubi zaharratik eginez. Geldiuneetan beraien dantza ederrak ikusteko aukera izan zen. Ondoren haur eta gazteek Colorín espectaculos-en eskutik frontoian (bero latza egin zuelako) salto eta brinko ibiltzeko aukera paregabea izan zuten. Ilunabarrean fondaren gibeleko aldeko zuhaiztuan DJ J&J-k musika jarriz giro aparta izan zen. Tortilla patata eta postre lehiaketa ere bertze behin egin ziren. Partehartze nahiko juxtukoa izan zen baina eskertzekoa, beraiek gabe ez zen lehiaketa hau egiteko aukerarik izanen eta. Saridunak: Tortilla patata: 1. Miren Hernandorena, 2. Trontxilandia eta 3. Itxaso eta June. Postre lehiaketan berriz 1. Ane Etxalar eta 2. Rubia. Zorionak denei. Sari banaketa bukatutakoan pintxoak eta sagardoa dastatzeko tartea izan zen.
Abuztuaren 13an, larunbatean, argazkietan ikusi daitekeen bezala tren txutxuaz egun guztian zehar disfrutatzeko aukera paregabea izan zen. Guraso elkarteak antolatutako bazkarian 120 pertsona inguru elkartu ziren giro ezin hobean bazkaldu. Kuadrilen bazkarian berriz 55 lagun zeuden. Matraka elektrotxarangak giro ederra jarri zuen herri guztian barna. Momentu batean, euri pixkot egin zuen eta elizatarian egoteko tartea egokitu zitzaien. XIX. Ramon Latasa Saria ere espero den bezala ederki joan zen. Ikuskizun ederra eskaini zuten aizkolari eta harrijasotzaileek eta bertaratutakoak gozamen ederra hartu zuten. Horren emaitzak bertze albiste batean ikusiko dituzue.
Goizean ere erraldoiak ibili ziren, Malerrekako gaitariek lagundurik. Herri krosean ere kuadrilla ederrak parte hartu zuen.
Abuztuaren 14ko mus txapelketako emaitzak:
1- Maxux eta Alaitz
2- Lucio eta Txus
3- Josune eta Jose Luis
4- Itxegi eta Joxe Martin
Arratsaldean profesionalen arteko bi partidu ikusgarri ikusteko aukera izan zuten bertaratutako 500 bat lagunek. Ilunabarrean Txamukos taldeak bere emanaldia eskaini zuen eta ondotik herri afaria izan zen. Gauez musika Beñatekin eta honekin 2022ko Santiburtzioko bestei bukaera ezin hobea eman zitzaien.