Tanto bakarragatik nagusitu zaio Barrenetxea Juaneneari

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 12a, 14:00
Partida ikusgarria eskaini zuten Barrenetxeak eta Juaneneak, buruz buruko txapelketako finalerdietako ligaxka hasteko.

Buruz buruko erremonte txapelketako finalerdietako lehen partida bikainen 30-29 galdu zuen saldiastarrak gaur egungo txapeldunaren kontra

Buruz buruko erremonte txapelketako finalerdietako ligaxkako lehen partida jokatu zuten ortzegun arratsaldean Galarretak Aritz Juanenea saldiastarrak eta gaur egungo txapeldunak, Endika Barrenetxeak. Partida ikusgarria eskaini zuten, baina azkenean, tanto bakarreko aldearekin, Barrenetxea IV.a nagusitu zen (30-29).

Ikuskizun handia eman zuten bi erremontistek eta ordubete baino gehiago eman zuten jokoan. Barrenetxea indartsu hasi zen eta 10-2 eta 19-9 ere aurreratu zen, hamar tantoko aldearekin. Baina ez Juanenea gaizki ari zelako (pilota bakarra galdu zuen), Barrenetxeak dena bikain egin zuelako baizik. Baina Saldiaskoak, harmailetan zituen zaleen bultzadarekin eta lan handia eginez tanto bakarrera hurbiltzea lortu zuen (20-25, 21-19 eta 22-21). Barrenetxea erabakigarria zirudien bost tantoko aldea hartu zuen berriz ere (28-23) baina sakean huts egin eta bigarren erremontadari ekin zion Barrenetxeak eta 0-6ko partzialarekin 28-29 aurretik ere jarri zen, partida irabazteko tanto bakarrera. Baina Juaneneak ere falta egin zuen sakearekin. Hogeita bederatzinakoarekin, txalo zaparrada bat eskaini zieten Galarretako zaleek bi erremontistei, ikusitako partida bikainaren esker onez. Azken tantoa ere ederra izan zen, errebotea eraman zuen Juaneneak, baina esku eskura utzi zion Barrenetxeari eta honek hormabikoarekin lortu zituen bere lehen lau puntuak. Juaneneak galdu bai, baina ongi merezitako bi puntu etxeratu zituen.

Barrenetxeak zazpi tanto egin zituen sakearekin eta 20 piloteoan. Juaneneak sei tanto egin zituen sakearekin eta 19 piloteoan.

Galarretako osteguneko jaialdia ireki zuen partidan, Oskar Urrutia II.a saldiastarrak eta Labakak 29-35 galdu zuten Zaldua II.a eta Odeiren kontra eta partida nagusian, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Larrañagak 40-31 irabazi zieten Ansa II.a eta Martirenari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun