Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketaren finala jokatuko dute abuztuaren 14an, igandean 12:00etan hasita Donamariako plazan. Berako Endika Goia, Itsasuko Patxi Igoa, Etxarri Aranatzeko Aritz Oiarbide, Baionako Ibai Telletxea eta Urdiaingo Amets Aristizabal ariko dira lehian, uztailaren 14an Iruñean jokatu zen kanporaketan bortz aizkolari bizkorrenak, hurrenkera horretan. Orduan bi kanaerdiko izan zituzten mozteko eta igandean Donamarian bi 45 ontzako eta bi kanaerdiko moztu beharko dituzte.
Gainera, Nafarroako gizonezkoen lokotx biltze txapelketa ere jokatuko dute Donamarian igande eguerdian. Asier Gamio (Berroeta), Josu Elizalde (Betelu), Unai Iantzi (Aniz), Eneko Herrera (Sunbilla) eta Iñaki Telletxea (Elizondo) ariko dira lehian, 50 lokotxak nork lehenago bilduko.
Ondotik, harri-jasotze erakustaldia izanen da.