Abuztuan eta irailean Leurtzan eginen diren sentsibilizazio jardueren artean, igande honetan, abuztuak 14, Leurtzako urtegian Gabi Fuentes basozaina izanen da jarduera gidatzen. Jarduera honetan Leurtzako animaliak eta landareak ezagutuko dituzte eta, horrez gain, Leurtza bezalako paraje bat nola kudeatzen duten azalduko du. Ibilaldia 11:30ean hasiko da Leurtzako parkinean. Izena emateko 607 67 99 03 telefonora deitu behar da.
Yoga saioak ere
Abuztuan eta irailean Leurtzan eginen diren bertze jardueren artean, abuztuaren 13an eta 27an, Asanarte Yoga guneak Leurtzan yoga saioak eskainiko ditu. Saioak larunbatetan 11:00etan hasiko dira eta bakoitzak bere materiala eraman beharko du.