Lehen fasea akitu ondotik Nafarroako erremonte txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 8a, 19:00

Otxandorena, Otano, Matxin III.a eta Ion, Fustiñanan. Finalerdietako partida ere elkarren kontra jokatuko dute abuztuaren 20an Irunberrin.

Fustiñanan jokatutako azken jardunaldian begiko kolpea izan ondotik kantxara bueltatu zen Eloi Otxandorena doneztebarrak galdu egin zuen

Nafarroako XVII. erremonte txapelketako lehen faseko azken jardunaldia jokatu zen igandean Fustiñanan. Kontuak nahiko erabakiak zeuden, hortaz, ikusminik handiena Eloi Otxandorena doneztebarraren itzulerak sortu zuen, begian kolpe handia hartuta utzi behar izan baitzuen azken partida. Matxin III.ak eta Ionek 35-20 irabazi zieten Otxandorena eta Otanori eta, gisa horretara, lehen fasean lehenbizikoak gelditu dira azpeitiarrak eta laugarren doneztebarra eta Agoizkoa.

Jaialdia ireki zuen partidan, Xanti Uterga doneztebarrak eta Baztanek 35-17 irabazi zieten Beñat eta Markel Leatxe doneztebarrari.

Finalerdiak abuztuaren 11n eta 20an

Lehen faseko sailkapenaren arabera, bigarren eta hirugarren gelditu diren bikoteek jokatuko dute lehen finalerdia abuztuaren 11n, ortzegunean 19:30ean Agoitzen: Zeberio II.a eta Aimar Saldias oiztarra, Xanti Uterga doneztebarraren eta Agirrezabalaren kontra. Bigarren finalerdian, lehenbiziko eta laugarren gelditu direnez, berriz ere igandean Fustiñanan aritutako bikote berak izanen dira aurrez aurre abuztuaren 20an, larunbatean, Irunberrin: Matxin III.a eta Ion, Eloi Otxandorena doneztebarraren eta Otanoren kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun