Aritz Juanenea izanen da buruz buruko erremonte txapelketako azken fasean

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 8a, 09:00
Juanenea, Azpiroz, Barrenetxea IV.a eta Urriza izanen dira aurten ere finalerdietako protagonista. Lehen partida ortzegunean jokatuko dute Juaneneak eta Barrenetxeak.

Saldiastarrak 30-17 irabazi zion larunbatean Galarretan Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrari eta Ansa II.a, Urriza eta Barrenetxea IV.arekin batera izanen da finalerdietan

Aritz Juanenea saldiastarra nagusitu da buruz buruko erremonte txapelketako ligaxkan, larunbateko partida erabakigarrian Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrari 30-17 irabazi ondotik. Garaipen honekin finalerdietarako ligaxkan sartu da eta iaz bezala, Ansa II.a, Urriza eta Barrenetxea IV.a izanen ditu arerio.

Katedra Ezkurra II.aren alde zegoen, eta dirua doneztebarraren alde atera zen 100 80ri, baina huts egin du oraingoan. Halere, hasieran Ezkurra II.a izan zen aitzinetik, 1-3 eta 5-9. Baina Juaneneak bederatzina eta hamarna berdindu ondotik, nagusi izan da. Sakearekin dominatzen hasi da, piloteoan ere ongi moldatu da eta Ezkurrak baino indartsuago eta biziago mugitu du pilota. Sobera arriskatu gabe, baina zer egin behar zuen jakinik, 17-11, 22-12 eta 27-15 aitzinetik izan da, eta azkenean 30-17 nagusitu da. Juaneneak 22 tanto egin ditu piloteoan eta bortz sakez, eta bi huts bakarrik egin ditu. Ezkurra II.ak 13 tanto egin ditu piloteoan, bat sakez eta hiru pilota galdu ditu.

Finalerdietako ligaxka hasteko, Aritz Juaneneak joan den urteko txapelduna, Barrenetxea IV.a izanen du arerio ortzegunean Galarretan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun