Ezkurra II.ak erraz gainditu du Azpiroz eta Juanenearen aurkako partidan erabakiko da sailkapena

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 5a, 14:00

Ezkurra II.a eta Juanenea bikote izan dira azken bi txapelketetan, San Fermineko torneoan eta Zarautzen. Orain, elkarren kontra ari beharko dute buruz buru larunbatean eta irabazlea sailkatuko da finalerdietarako.

Larunbatean jokatuko dute Galarretan Doneztebekoak eta Saldiaskoak eta irabazlea buruz buruko txapelketaren finalerdietan izanen da

Ezkurra II.ak 30-23 gainditu du Azpiroz buruz buruko erremonte txapelketako final-laurdenetako ligaxkaren bigarren partidan eta Huitziko atzelaria Kutxabank Torneotik kanpora geratu da. Bi partidak galdu ditu eta aukerarik gabe geratu da azken fasera sailkatzeko. Josetxo Ezkurra doneztebarrak aldiz sailkatzea Aritz Juanenea saldiastarrarren aurka jokatu beharko du larunbatean. Biak lau puntu dituzte eta garaileak lortuko du sailkapena eta bertzea kanporatua izanen da.

Ezkurra nagusi izan zen Azpirozen aurka ortzeguneko partidan, nahiz eta azkenean aurkaria markagailuan hurbildu. Hasieratik ihes egin zuen Ezkurrak 5-1, 12-5, 18-8 eta 24-10. Bazirudien partida berehala akituko zela, baina atzelariak markagailuan desabantailak murrizten hasi zen 26-16, 27-20 eta 28-22. Hala ere ezin izan zuen gehiago hurbildu eta doneztebarrak lortu zituen lau puntuak. Ezkurrak 23 tanto egin zituen piloteoan eta nagusi izan zen arlo horretan. Sakearekin ere ongi aritu zen lau tantorekin. Bost akats egin zituen, baina ia denak partidaren akabailan, erabakita zegoenean.

 

Ansa eta Barrenetxea, nagusi estelarrean

Binakako estelarrean Ansa eta Barrenetxeak erraz gainditu zituzten, 40-26, Urriza eta Juanenea. Barrenetxea jaun eta jabe izan zen atzeko koadroetan eta horren ondorioz Ansak erasokor eta ausart jokatu zuen. Urnietarrak ez zuen apenas hutsik egin eta horrek garaipena erraztu zuen.

Partida guztian izan ziren nagusi gorriak. 14-7 aurreratu ziren eta nahiz eta urdinak 14na berdindu jokoan gutxiago ziren. Bigarren aldiz lortu zuten ihes egitea gorriek, 24-17 eta abantailak handitu besterik ez ziren egin amaierako 40-26ra arte.

Barrenetxeak saketik bederatzi tanto egin zituen. Bikain aritu zen sakean. Pilotean sei gehiago lortu zituen eta bi huts egite bakarrik egin zituen hernaniarrak. Ansak 19 tanto eta bi akats egin zituen, Urrizaren gainetik. Iruindarrak 15 tanto eta bi hutsekin amaitu zuen eta Juaneneak saketik tantoa, piloteoan lau eta lau hutsekin amaitu zuen. 

Lehenengo partidan Goikoetxea eta Odeik 35-33 lortu zuten garaipena, Loitegi eta Oier Apezetxea goizuetarraren aurka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun