Ordura arte zinegotzi aritua zen urte batzuez, eta alkatetzarako inork aurkeztu nahi ez zuenez, eta «herriaren alde lan egiteko gogoa» zuenez, 2019an alkatetzara aurkezteko erabakia hartu zuen, taldeak bultzatuta: «taldean animatu ninduten, eta herriaren babesa ere sumatu nuenez, aurkeztea erabaki nuen», kontatu digu. Geroztik, jubilazio bat tarteko aldaketa bat salbu, hasierako talde berberak jarraitzen du udala kudeatzeko lanetan.
Aurtengoak, beraz, alkate gisa lehenengo pestak izanen dira Zabalorentzat. Eta ardura handiagoz biziko ditu aurtengoak, ez, ordea, karguagatik «bizi ditugun garai berezi hauen ondorengo beldur eta aldi beran elkartzeko ditugun gogoarengatik baizik», azaldu du. Bost egunetako pestak antolatu dituzte, abuztuaren 14tik 18ra bitartean, eta hiru helburu nagusi ezarri dituzte: «denei pestak giro ederrean pasatzeko aukera eskaintzea, guztiontzako moduko ekintzak antolatzea eta guztion segurtasuna eta osasuna bermatzea».
Taldean antolatutako pestak
Herriko pesten antolaketa «taldean» egiten dutela azaldu du Zabalok. Otsailean edo martxoan hasten dira antolaketa lanetan, abuztuan herri askotako pestak izaten direnez, garaiz ibili behar izaten dutelako. «Taldean egiten dugun lana antolatzeko», azaldu du, eta eta horregatik Ezkurrakoak «pesta parte hartzaileak» direla. Denen artean antolatzen dituztenez «guztientzako» ekintzak egiten saiatzen dira, «haur txikienetatik hasi eta helduenetaraino».
Gainera, Ezkurrako pestetan herrikoak diren baina kanpoan bizi diren askoren bisita jasotzen dute, eta denen parte hartzearekin «pesta koloretsu eta alaiak» izaten direla kontatu du. «Adin guztietako jendea nahasten da, eta urtean zehar ikusi gabeko jendearekin egoteko parada izaten dugu».
«Taldean animatu ninduten, eta herriaren babesa sumatu nuen»
Aurtengoan, egitarauari dagokionez hainbat berrikuntza sartu dituzte. «Lehenengoz haur eta helduentzako krosa antolatu dugu, aspaldian egiten ziren pilota partidak errekuperatu ditugu eta herritarren seme-alabak ariko dira partidetan, eta gainera lehenengo aldiz urteroko herri kirolen emanaldian emakume eta gizonak ariko dira», azaldu du.
Pesten antolaketaz harago, pestetako egunetan «herritar guztiek lan egiten dutela» azaldu du. Herri bazkaria, adibidez Barranka ostatuaren lanagatik ateratzen da aurrera hein handi batean bere hitzetan eta, herri bazkarirako mahaiak paratu edo kentzean, edo herri kirolen ondotik frontoia garbitzean «inoiz ez da lan egiteko borondaterik eta eskurik falta izaten».
Iristear dira aurtengo pestak, eta Ezkurrara joaten denak bertan aurkituko du Zabalo herritarrekin batera pestetako giroaz gozatzen, eta ziur herri bazkarian, «bertako giro goxoa baitu maiteen».