Giro ederrean ospatu dituzte Elgorriagako bestak

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 27a, 10:00

Giro ederrean joan dira Elgorriagako bestak. Uztailaren 22an, ortzirale arratsean botatako txupinazoarekin hasi ziren eta ondotik egitarau luzea izan zuten.

Ortziralean berean kontzertuak izan zituzten eta larunbatean, paella jate herrikoian 150 lagun elkartu ziren. Bazkalondotik ederki ibili ziren Elutxa txarangarekin eta 75 metro luze zuen ur arranpala probatzeko aukera ere izan zuten.

Igandeko Elegante Egunean haurrentzako puzgarriak eta mus txapelketa izan zuten. Elgorriagako Jon eta Xabi Olazar suertatu ziren txapeldun eta Lesakako Iker Iriarte eta Antton Petrirena txapeldunorde. Tortilla eta postre dastaketa ere arrakastatsua suertatu zen.

Santiago eguneko meza eta toka txapelketaren ondotik, 85 lagun elkartu ziren zikiro-jatearekin eta Beñaten musikarekin eta afariarekin borobildu zituzten bestak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun