Uda giroa

«Herrian gazteen mugimendua, inplikazioa eta parte hartzea sustatu nahi ditugu»

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 9a, 09:00

Bidaiatzea, lagunekin egotea eta besta egitea gustuko duen gaztea da Irati Arrieta Agirre (Sunbilla, 1993). Sunbillako Ulibeltzak elkarteko lehendakaria da, «berriki junta aldatu dugu eta niri tokatu zait lehendakari izatea». Gainera, Antrotoki herriko gazte taldearen parte da eta Sunbillako Dantza Taldean dantzatzen du ttikitatik.

Ulibeltzak elkartea

Duela bortz urte inguru sartu zen elkartean, «aukera polita zela ikusten genuen, kuadrillako bazkariak egiteko eta denak elkartzeko leku bat izateko. Gainera, elkarteak herriko besten zati handi bat antolatzen du eta horren parte izan nahi nuen». 

Apiril-maiatz aldera junta aldatu dute eta Arrietak ez zuen aukera pasatzen utzi; «lau lagun elkartu ginen eta boluntario aurkeztu ginen laurok batera sartzeko. Batek idazkari izan nahi zuen, bertzeak diruzain eta lehendakaria aukeratzean denek niri begiratu zidaten [irriz]. Beraz, niri tokatu zait». 

Hainbat bilera egin ditu elkartearekin eta baita udaletxearekin ere santiburtzioei begira; «bi urte geldirik egon ondotik, ez dugu inor juntan bestak antolatzen aritu denik eta ikasten ari gara oraindik. Bestez gain, ez dugu gauza aunitzik egin oraingoz». 

Sunbillako bestak udaletxeak, Ulibeltzak elkarteak eta Antrotokik antolatzen dute, «eta elkarteak pisu handia du antolaketan; krossa, pilota partida, aizkora apustua eta herri afaria antolatzen ditu. Aipatzekoa da aizkora apustuaz gehien arduratzen dena Anttonio dela eta gehiena egiten duela».

Herriko gazteak mugituz

Antrotokiko kide ere da Arrieta, Sunbillako gazteen taldea. «Aurten taldearen 20. urteurrena dugu. 16-17 urterekin laguntzen hasi ginen, eta duela bortz urte sartu ginen antolakuntzan». 

Taldearen helburua argia da; «herrian gazteen mugimendua, inplikazioa eta parte hartzea sustatzea. Bestetan egun bat guttienez gazteei bideratzen diegu beti musika eta kontzertuekin, asteburu kulturalean gazteendako eskaintza izaten saiatzen gara eta aurtengo Korrikan ere afaria eta joko batzuk egin ditugu».

«Herriko bestetarako gogoarekin» ikusten ditu sunbildarrak, «hagitz besta onak izanen ditugu aurten eta helduak zein gazteak gogotsu daude». Kuadrillen eguna da «dudarik gabe» Arrietaren egunik gustukoena, «kuadrillen bazkaria, ondoko ura ura… bestetako egunik ederrena da niretako». 

Egun bereziak dira santiburtzioak Sunbillan; «norberarendako beti dira bereziak herriko bestak», eta batez ere aizkora apustua nabarmendu du, «jende aunitz etortzen da».

«Ahal dudan guztia»

Arrieta ez da geldirik egoten denetakoa eta guztiz inplikatua dago herriko bestetan, izan ere, Ulibeltzak elkarteko lehendakaria eta Antrotokiko kide izateaz gain, Sunbillako Dantza Taldeko dantzaria ere bada. «Bizi guztian» ibili da dantzan taldearekin, «8 urte inguru nituenean hasi nintzen, egia da unibertsitatean nintzenean tarte batez ez nintzela ibili baina orain dela hamar urte berriz bueltatu nintzen». 

Pandemiarekin geldialdia egin behar izan dute eta orain «hurrengo ikasturterako «ttiki, ertain eta helduen dantza taldeak antolatzen ari gara Sunbillako Dantza Taldea lehen zen bezala berreskuratzeko, momentu honetan helduak bakarrik gaudelako». Jendea taldean sartzera eta dantzak probatzera animatu nahi izan du. 

Bestetara begira, dantzak bere tartea ere dauka Sunbillan; «San Tiburtzio egunean dantza luzea egiten dugu meza ondotik». Beraz, bestak antolatzeaz gain, ikuskizunetan ere parte hartzen du Arrietak; «ahal dudan guztia egiten dut». Azkenik, jendea Sunbillako bestetara joatera eta «ongi pasatzera» animatu ditu Arrietak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun